Psikopedagogia

Eguneroko pentsamenduak nola kontrolatu

Erabiltzailearen aurpegia Idoia Apaolaza 2022ko mai. 10a, 09:40

Jaikitzen garenetik oheratu arte burutik hainbat eta hainbat pentsamendu igaroko dira, abiadura bizian. Momentuaren arabera pentsamenduak azkarragoak izango dira, biziagoak eta eragin gehiago izango dute guregan. 

Honela, antsietatea sortzen duen ekintzaren bat egin behar denean, adibidez, lan elkarrizketa bat, urduritasunak pentsamenduak abiadura bizian ibiltzea bideratuko du eta ondorioz, pentsamendu gehienak errepikakorrak eta ezkorrak izango dira. Aldiz, oporretan gaudenean, pentsamenduak polikiago ibiliko dira eta askotan iraganeko edota zentzurik gabeko pentsamenduak pasako dira burutik.

Nola kontrolatu gure pentsamenduak?

- Azter dezagun zer gertatzen zaigun. Gure eguneroko bizitzan, momentu lasaiago eta mugituagoak izaten ditugu. Normala da estres momentuetan pentsamenduak azkarragoak, bortitzagoak eta mingarriagoak izatea, lasai pasako da eta etorriko dira momentu lasaiagoak.

- Momentu lasaiak bilatu. Eseri edo etzan leku lasai eta seguru batean. Begiak itxi eta saiatu arnasketan zentratzen, burura etortzen diren pentsamenduei pasatzen utzi, gure arreta arnasketan zentratuz eta ez pentsamenduetan.

- Kontzentratu gure gorputzean. Arreta jarri egiten ari zaren horretan, oinez banoa arreta oinetan, gorputzaren mugimenduan, kanpoko zaratetan jarriko dut.

- Pentsamenduari denbora tarte bat eskaini. Pentsamenduari denbora tarte bat eskaini eta gero esan pentsamenduari: «Nahikoa da zure denbora amaitu da». Burua zurian utzi eta arreta egiten ari denean zentratu.

- Pentsamenduak orri batean idatzi. Pentsamenduak, batez ere, kezkak orri batean idatzi eta irtenbidea bilatzen saiatu. Sailkatu zer-nolako garrantzia daukaten gure bizitzan eta aurki ditzakegun irtenbideak kezkatzen gaituenari. Gero indarra jarri pentsamendu baikorretan, irtenbideetan pentsatu eta sentitu nola lasaitzen garen.

Zoriontasuna eguneroko ekintza xumeetan dago, norberaren onarpenean eta emozio zein pentsamenduen jabetze eta kontrolatzean. Ondorioz, onar gaitezen gure osotasunean, har dezagun arnasa sakon, arreta ekintza xumeetara bideratu eta has gaitezen gure barruko korapiloak askatzen, lasaitzeko momentua da!

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!