Ildo horri jarraituz, haurrak txikiak direnean, ikusiko dugu, adibidez, haur hezkuntzako liburuak marrazki eta irudi handiz hornituta daudela; letra gutxi eta esaldi laburrak. Horrek, irudien bitartez, idatzita dagoena ulertzen laguntzen du, eta guztiz baliagarria da hitzen ikasketa eta irakurketa ulermena burutzeko. Era berean, haurraren imajinazioa, ahozkotasuna, emaria eta komunikazio gaitasunak garatzeko garrantzitsuak dira aipatutako marrazki eta irudiak.
Haurra hazten doan heinean, LHko 2-3. mailetatik aurrera, non kasu gehienetan haurrek ongi irakurtzen duten, irudien erabilera gutxitzen joaten da. Beraz, hizkiak interpretatu, eta irudien euskarria albo batera uzten da. Horrek irudimena gutxitzea ekartzen du, eta baita irudiek sortzen duten xarma albo batera uztea ere. Irakurtzeko zailtasuna duten ikasleentzat dislexia kasuak, adibidez, irudien laguntza garrantzitsua da, irakurritakoa ulertzen laguntzen dutelako. Beraz, zergatik utzi irudi zein marrazkiak albo batera?
Adinean aurrera goazela, helduon eleberrietan, adibidez, ez daukagu marrazkirik; justu-justu liburuen azalean, eta ez beti. Horrek, nire ustez, liburua pobretzea sortzen du, marrazkiek eta argazkiek istorioa indartu, eta atseginagoa egiten laguntzen dutelako.
Pentsatzekoa izango litzateke zergatik gertatzen den marrazki zein irudien gutxitze eta kentze hori, eleberri, liburu zientifiko zein olerki liburuetan. Zeren, egunkarietan ez da gauza bera gertatzen.
Albisteak eta aldizkarietako artikuluak, garrantziaren arabera, koloretako irudiek laguntzen dituzte beti; mezua indartzeko erabiltzen dituzte. Baina, aipatzen nuen bezala, ez da gauza bera gertatzen eleberri, liburu zientifiko edota olerki liburuetan, zergatik ote?