Psikopedagogia

Garrantzitsua da ikasturtea ohitura onekin hastea

Erabiltzailearen aurpegia Idoia Apaolaza 2016ko ira. 26a, 10:15

Udako opor luzeak amaituta iraila iritsi da eta irailarekin batera, ikasturte hasiera ikasleentzako eta heldu askorentzako lan mundura itzultzeko garaia.

Iraila urtarrilaren antzera, asmo eta proposamen berriak egiteko garaia izaten da, hau da, «bai aurten egunero ikasiko dut eta ikasturtea gaindituko dut nota onekin» edota «gimnasiora joango naiz eta soberan dauzkadan kiloak galduko ditut (hau helduaren kasuan)».

Baina proposamen edo asmo guztien atzean jarrera irmo eta serioa behar da eguneroko tentazioetan ez erortzeko, hau da, «gaur nekatuta nago eta biharko utziko dut», lana eta kiloak gehitzen diren bitartean.

Ikasturtea irmo eta gogotsu hasteko hemen aholku batzuk:

· Eguneroko ekintzetarako ordutegia zehaztu: lagunekin egoteko, eskolako lanak egiteko, ohera joateko.

· Ohera joan aurretik mugikorra itzali eta goiz joan ohera hurrengo egunean deskantsatuta egoteko.

· Zehaztu eskolako lanak egiteko ordu bat ahal bada afaldu baino lehen, deskantsatuago egoten garelako.

· Eskolako lanak egiterako orduan, mugikorra eta entretenitu dezaketen elementuak kendu.

· Ikas lekua zehaztu, lasaitasuna ematen duena eta ordenagailu edota arreta galaraziko luketen elementuak kendu edo itzali.

· Lanak agendan idatzi eta ez badira idatzi, lasai hartu eta gogoratu irakasleak bidalitako lanak, bestela ikaskideren bati galdetu. Ikasleak galdetu behar dio ikaskideari eta ez gurasoak, ikaslearen ardura delako.

· Egutegi batean idatzi lanak entregatu behar diren egunak eta baita azterketen egunak ere. Honela, egunak gerturatzen diren arabera, lanak burutzeko orduak eta egunak aurrez planifikatu. Berdin azterketekin, azterketa eguna baino aste pare bat lehenago prestatzen hastea komeni da (eskemak egin, irakurri, zalantzak galdetu...).

Ikasturtea ohitura onekin hastea garrantzitsua da, behin ohiturak hartuz gero, inertziaz egingo direlako. Gainera, ikasleak ikasketetan hasiera ona izan badu, giro hobea izango da etxean, eta ikaslea zein gurasoak motibatuagoak egongo dira ikasturtea bide onean amaitzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!