Erakutsiz ikasi

'Workshop'-ak, ekinez ikasi

Erabiltzailearen aurpegia Herrikide Ikastetxea 2018ko api. 9a, 08:30
Eraiki dezagun

Workshop izeneko metodologiaren bidez, irakasleak ekintza zoragarrien bitartez irakasten die ikasleei, eta hauek, ia konturatu gabe, adimen anitzak garatzen dituzte.

Orain dela 4 urte hasi ginen Workshop-ak lantzen. 5.mailan geundela irakasleak irrikaz sartu ziren ikasgelara proiektu berri eta zirraragarria aurkeztera. Gure kurtsoa ekimen hau lehen aldiz bizi izan zuena izan zen eta, askoren iritziz, ekintza hauetan aritzea ikasteko era desberdin eta erakargarria izan zen. Hortaz, guk 4 urtez jarduteko zortea izan dugu eta urtero tailer desberdinak aukeratu ditugu.

Lau mailatan zehar, trebeak ginen ekintzetan parte hartu genuen, eta bion artean hauexek jorratu genituen: Irratia, Sukaldaritza, Postreak, Lipdub-a, Begi magikoa eta Diseinua. Irratian irratsaio erakargarriak prestatu genituen eta, egiari zor, gure gustukoena izan zen. Horri esker ohartu ginen irratiak erakartzen gintuela eta, horregatik, DBHko 3. mailan Komunikabideak izeneko ikasgaia aukeratu dugu, astero irratiz hitz egin ahal izateko.

Bigarren urtean, Sukaldaritza aukeratu genuen, eta bertan, hostopilarekin errezeta berriak eta goxoak ikasi genituen; egia esan, oso erabilgarria izan zitzaigun etxeko sukaldean gurasoei laguntzeko. Hirugarren urtean, batak Lipdub-a egin zuen eta besteak Postreak. Beraz, batak musikaren doinuari jarraituz dantza berezia asmatu zuen, gero grabatu eta gelakideen aurrean harro aurkeztu zuen; besteak, aldiz, sekulako bizkotxo eta palmerak egin zituen. Laugarren urtean ere tailer desberdinak egin genituen: Begi magikoan, ezagutzen ez genituen teknikak erabiliz, argazki zoragarriak atera genituen, eta Diseinuan, eskuz estutxe ederra egin genuen, kontu handiz josi eta irudimenaz apaindu ondoren.

Honenbestez, Workshop-a etorkizunerako gauza asko era berezian ikasteko aukera paregabea iruditzen zaigu. Eta ez hori bakarrik, umeak ikasketetan arretatsu jarduteko eta hobeto pasatzeko ideia oso ona da. Zuen eskoletan ere Workshop-ak ezartzera animatzen zaituztegu!

Lide Larraza eta Nerea Garikano, DBH 3

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!