Aralarko eremu babestuaren «etorkizuna zalantzan» dagoela diote Eguzkik eta Landarlanek

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Gurrutxaga-Goierriko Hitza 2026ko maiatzaren 8a

Beltzulegi saroia Aralarren, aurrean Ausa-Gaztelu mendia duela. Iturria: Goierriko Hitza

Aralarrek antolamendu plan berria behar duela onartzen dute, baina «aurrekoaren ebaluazio zorrotza eta zehatza falta» dela nabarmendu dute. Jaurlaritzak eta aldundiak aurkeztutako planei alegazioak jarri dizkiete, eta gauza bera egingo dute mankomunitateak aurkeztutakoarekin.

Eguzki talde ekologistak eta Goierriko Landarlan Ingurumen elkarteak Aralarko eremu babestuaren «etorkizuna zalantzan» ikusten dute. Bi erakundeen alegazioak aurkeztu dizkiete Eusko Jaurlaritzak iazko urte bukaeran kontsultarako ireki zuen Aralar eremu babestuaren antolamendurako planari (NBAP) eta gauza bera egin du Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdea departamenduak martxoaren 11n Kudeaketa Planari. Era berean, Enirio-Aralar Mankomunitateak bere lurraldeari dagokion Plan Orokorraren ingurumen ebaluazio estrategikorako kontsultaren alegazio epea gelditzeko eskatuko dute.

Eusko Jaurlaritzak 2025eko urte amaieran kontsultarako ireki zuen Aralar eremu babestuaren Antolamendurako plana (NBAP) eta martxoaren 11n amaitu zen epea. Bi erakundeek diotenez, hainbat elkarte eta herritarrek alegazioak bidali zizkieten Eusko Jaurlaritzari «plan hori ingurumen arrazoi ugarirengatik onartezina» zela adieraziz. «Epea bukatu zen egun berean, Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdea departamenduak Kudeaketa planaren kontsulta ireki zuen, oraindik Eusko Jaurlaritzak Antolamendu planaren alegazioak erantzun eta plana onartu ez duenean, Kudeaketa plana Antolamendu planaren baitan dagoenean. Bai Eguzki zein Landarlanek alegazioak aurkeztu dizkiogu Kudeaketa planari ere».

Jarraitu irakurtzen Goierriko Hitzaren webgunean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!