Enirio-Aralar Mankomunitateak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak akordio bat sinatu dute «Aralarko jardueren zaintza eta kudeaketa hobetzeko»

Erabiltzailearen aurpegia Goierriko Hitza: Laida Goiburu 2024ko api. 29a, 17:09

Arantxa Ariztimuño, Xabier Arruti, Adur Ezenarro eta Mikel Arteaga, gaur goizean, aurre-akordioa sinatzeko ekitaldian, Ordiziako udaletxean. Laida Goiburu

Enirio-Aralar Mankomunitateak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak akordio bat sinatu dute gaur «Aralar mendiaren eta bertako jardueren zaintza eta kudeaketa hobetzeko helburuarekin». Akordio horren bidez, «orain arte egin diren urratsak sendotu eta areagotu» nahi dituzte bi aldeek, eta datozen hilabeteetan zer alderditan esku hartu behar duten finkatuko dute, «legealdi osorako harremana sendotzeko».

Adur Ezenarro Ordiziako alkate eta Enirio-Aralar Mankomunitateko presidenteak eta Xabier Arrutik Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdeko diputatuak sinatu dute gaur goizean akordiorako dokumentua Ordiziako udaletxean. Haien ondoan, Arantxa Ariztimuño Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritza eta Lurralde Orekako zuzendaria, eta Mikel Arteaga Amezketako alkatea eta Enirio-Aralar Mankomunitateko lehendakariordea izan dira.

300.000 euroko inbertsioa
Dokumentu horren arabera, bi aldeek 300.000 euro inbertituko dituzte Aralarren, eremu ezberdinetan garatuko direnak: Larreak, basoak eta beste habitat batzuk hobetzea; sentsibilizazio ekintzak egitea; bideen konponketak; txabolak lehengoratzea eta eraikitzea; eta beste azpiegitura batzuk hobetzea.

Gipuzkoako Foru Aldundiak 211.00 euro bideratuko ditu Goilarre programatik (Gipuzkoako mendi publikoetako larreetan hobekuntzak garatzeko programa) eta Enirio-Aralar mankomunitateak 85.000 euroko partida jarriko du.

2019tik blokeatutako harremanei berrekin
2024-2027 agintaldirako akordioa da sinatu dutena, eta mendiaren eta zaintzaren kudeaketa hobetzeko lorpena ardatz duela nabarmendu dute: «Bi erakundeen arteko adostasuna lortzeko borondate sendoa adierazten du». Hori gauzatu ahal izateko, dokumentuak hiru hilabeteko negoziazioa hasteko beharra ezartzen du, 2024ko uztailaren 31ra arte. «Negoziazio horren ardatzak, gutxienez, hiru alderdi estrategiko izango ditu bi aldeentzat: xehaketa eremuak, bideak eta finantziazio eredua».

Sinatutako akordioa bi erakundeetako ordezkariek legealdi berrian hasitako lan dinamikaren «lehen emaitza» dela adierazi dute. 2019. urtetik blokeatuta dauden harremanei berriz heldu nahi diete, datozen hiru urteetan «bi aldeek zonaldean egin beharreko hobekuntzak bermatu eta finkatuko dituzten itun irmoak lortzeko». Zentzu horretan, bi erakundeak «pozik» agertu dira hilabete hauetan «egindako aurrerapenengatik eta elkarrizketarako azaldutako jarreragatik».

Jarraitu irakurtzen Goierriko hitzan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!