Enirio-Aralar Mankomunitateak azken hiru urteetan egindako inbertsioen eta lanen balantzea egin du gaur, Ordiziako udaletxeko agerraldian. Azken urteetan, behera egin du mankomunitatearen aurrekontuak, hein handi batean, Gipuzkoako Foru Aldundiak 2020an bere ekarpena egiteari utzi zionetik. Adur Ezenarro Mankomunitateko lehendakariak azaldu duenez, “30 urtetan mendiko inbertsioetarako egon den hitzarmenari alde bakarrez uko” egin dio aldundiak, eta 2020tik “ez du euro bat bera ere jarri Mankomunitateko lursailetan hobekuntza lanak egiteko”.
Aldundiaren erabakiaren aurrean, Mankomunitatea osatzen duten 15 udalek egiten duten diru ekarpena handitzea erabaki zen, pixkanaka, ekarpen hori hirukoiztera iristeko helburuarekin. Guztira, 69.388 euro bideratu dira inbertsioetara azken urtean. Kopuru horren “zatirik handiena Mankomunitatea osatzen duten 15 udalen ekarpenari esker” izan da, “baina baita Eusko Jaurlaritzatik jasotako laguntzei esker ere”.
Ezenarroren arabera, “Mankomunitateak argi dauka mendiaren eta interes orokorraren alde lanean” jarraituko dutela; alde horretatik, eskerrak eman nahi izan dizkie, haien diru ekarpena handitzeko egin duten ahaleginagatik. Horrekin batera, garbi utzi nahi izan du Mankomunitatea ez dela “beste erakundeen utzikeria eta konpromiso faltaren erantzule”, nahiz eta egoera hori kudeatzen ari diren. Azkenik, 2022an Enirio-Aralarrerako Kudeaketa Plan berri bat egiteko asmoa dutela azaldu du Mankomunitateko lehendakariak. Zentzu horretan, “elkarlanerako ateak beti irekita” izan dituztela gogorarazi du, eta “halaxe izango ditugu hemendik aurrera ere”.