Irazuk finalerako sailkatzea lortu du

Erabiltzailearen aurpegia Nerea Uranga / Urola Kostako Hitza 2021eko urriaren 31

Finalerako sailkatu diren sei aizkolariak. NEREA URANGA

Sherpa.ai Aizkolarien Txapelketa Nagusiko sailkapen proba jokatu zen atzo Zestoako kiroldegian. Jon Irazuk finalerako azken txartela lortu zuen, seigarren geratuz, eta Jexux Mari Mujika hamargarren izan zen.

Lehen Mailako hamahiru aizkolari gizonetan eta hiru emakumeetan aritu ziren finalerako txartela lortzeko lehian, azaroaren 21ean Bilbon jokatuko dena.

Gizonek sei enbor ebaki behar izan zituzten: bi kanaerdiko (54 ontza), bi 60 ontzako eta bi oinbiko (72 ontza). Honako sei aizkolari sailkatu ziren finalerako:

1- Mikel Larrañaga (Azpeitia): 16 .44
2- Eneko Otaño (Beizama): 17.57
3- Iker Vicente (Otsagabia): 18.11
4- Aitzol Atutxa (Dima): 19.16
5- Julen Alberdi Txikia IV.a (Azkoitia): 19.25
6- Jon Irazu (Zizurkil, Gipuzkoa): 20.03

Finala jokatzetik kanpo geratu ziren beste aizkolariak hauek izan ziren: Ugaitz Mugerza (20.33), Julen Larrea (21.06), Iñaki Azurmendi (21.10), Jexux Mari Mujika (22.05), Arkaitz Jauregi (23.50), Jon Rekondo (24.16) eta Eloy Corchero (24.48). Azken horrek, azkena sailkatuta, Promozio mailan jokatu beharko du datorren denboraldian.

Emakumeen kasuan, Karmele Gisasola Zelai III.a, Garazi Arruti eta Uxue Ansorregik jokatu zuten Zestoan, eta 36 ontzako lau enbor ebaki behar izan zituzten. Gisasola izan zen lanak amaitzen aurrena, 9 minutu eta 5 segundoko denborarekin. Uxue Ansorregik 9.11ko denbora egin du, eta Garazi Arruti hirugarrena izan da, 13.22ko denboran bukatuta. Finala jokatuko duten hiru emakumeak Zelai III.a, Maika Arostegi eta Uxue Ansorregi izango dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!