Izeta VI.ak marka hautsita irabazi du banakako IV. Euskal Pentatloi Saria

Erabiltzailearen aurpegia Urola Kostako Hitza: Anartz Izagirre 2021ko ira. 26a, 12:34

Argazkiak: Urola Kostako Hitza

Aiarrak aro berriko Euskal Pentatloi Sariaren marka berria ezarri du: 33 minutu eta 29 segundotan amaitu zuen proba. Atzo, zapatua, jokatu zen final handia Azpeitiko zezen plazan, eta jende ugari joan zen proba ikustera. Bestalde, Emakumezkoen I. Pentatloi Txapelketa jokatu zen, eta Karmele Gisasola 'Zelai III' izan zen garailea.

Eguraldi makurra zegoen atzo, zapatua, IV. Euskal Pentatloi Sariaren final handiaren atarian eta Emakumezkoen I. Pentatloi Txapelketan, baina 22:00ak heltzerako atertu egin zuen, eta hortik aurrera giro ederra sortu zen harmailetan. Bi izen handi utzi zituen atzoko norgehiagokak Azpeitiko zezen plazan: Karmele Gisasola Zelai III.a emakumeetan, eta Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a aiarra gizonetan. Biek ala biek sekulako erakustaldia eskaini zuten zezen plazan, eta historian iltzatuta geldituko diren uneak bizi izan zituzten ikus-entzuleek.

Emakumezkoen I. Pentatloi Txapelketarekin hasi zen atzoko erakustaldia, eta hiru kirolarik parte hartu zuten lehian: Karmele Gisasola Zelai III.ak, Lucia Orbek eta Garazi Arrutik. Guztira, bost lan gauzatu behar izan zituzten: harriari hamabost jasoaldi egin, giza proban plaza bat egin, aizkoran bi 36 ontzako enbor ebaki, txingekin lau plaza egin eta lasterka hamabost buelta eman zezen plazari (kilometro eta erdi). Zelai III.a aurretik ibili zen proba guztietan, baina oso gertu izan zuen Orbe, eta amaieran apur bat gehiago estutu behar izan zuen mallabiarrak korrika saioa. Azkenean, 18 minutu eta 57 segundotan amaitu zituen probak. Bigarren Lucia Orbe izan zen; 20 minutu eta 48 segundotan amaitu zuen hark proba, eta azkenik, Garazi Arrutik 25 minutu eta 31 segundo behar izan zituen lanak bukatzeko.

Ondoren, IV. Euskal Pentatloi Sariaren final handia jokatu zen bi txandatan, eta, guztira, bost proba gauzatu behar izan zituzten sei kirolariek finalean: harriari 25 jasoaldi egin, giza proban bi plaza egin, aizkoran hiru kanaerdiko ebaki, txingekin sei plaza egin eta zezen plazari 30 buelta eman lasterka (hiru kilometro). Hasteko, Aritz Irazabalek, Julen Gabirondok eta Kepa Peñagarikanok neurtu zituzten indarrak zezen plazan, eta Gabirondo izan zen hiruretatik marka onena erdietsi zuen kirolaria: 35 minutu eta 42 segundotan amaitu zituen probak. Ikusleak txundituta utzi zituen urnietarrak, iazko txapeldun izan zen Xabier Zalduaren marka hobetu baitzuen —iaz hautsi zuen marka, 36 minutu eta 6 segundotan—. Beraz, bigarren txandakoei lanak zaildu zizkien Gabirondok. Kepa Peñagarikano ere gertu izan zuen lehen sailkatuak, eta 38 minutu eta 25 segundotan amaitu zituen lanak azpeitiarrak; lehen pi probetan aurretik izan bazen ere, aizkoran aurre hartu zion Gabirondok. Azkenik, Aritz Irazabalen denbora 39 minutu eta hiru segundo izan zen.

Bigarren txandan, berriz, indar erakustaldia are zirraragarriagoa izan zen. Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a, Joseba Otaegi zizurkildarra eta Iñaki Errazkin tolosarra atera ziren zezen plazara, eta proba guztietan Izeta VI.a izan zen jaun eta jabe. Aiarra fin ibili zen hasi eta buka, eta lasterka amaitzerako Gabirondoren marka hobetzeko aukera handiak zituela baieztatu zuen. Halaxe izan zen azkenean, eta Euskal Pentatloi Sariaren aro berriko marka berria ezarri zuen: 33 minutu eta 29 segundo. Joseba Otaegik, ordea, txapela lortzeko bidea zaildu zion, eta oso gertu ibili zen lehian; azkenean, 35 minutu eta zortzi segundotan amaitu zituen probak. Iñaki Errazkinek, berriz, laugarren postuarekin konformatu behar izan zuen;  37 minutu eta 45 segundo izan zen haren denbora.

Beraz, honela geratu zen, azkenik, sailkapena:

  1. Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a. 33 minutu eta 29 segundo.
  2. Joseba Otaegi. 35 minutu eta zortzi segundo.
  3. Julen Gabirondo. 35 minutu eta 42 segundo.
  4. Iñaki Errazkin. 37 minutu eta 45 segundo.
  5. Kepa Peñagarikano. 38 minutu eta 25 segundo.
  6. Aritz Irazabal. 39 minutu eta hiru segundo.

Probak amaitu ostean, sari banaketa ekitaldia egin zuten zezen plazan, eta IV. Euskal Pentatloi Sariko sei finalistek eta Emakumezkoen I. Pentatloi Txapelketako hiru parte-hartzaileek beren garaikurrak jaso zituzten bertan.

Argazki guztiak Urola Kostako Hitzan ikusgai.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!