Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a, Joseba Otaegi, Iñaki Errazkin, Aritz Irazabal, Julen Gabirondo eta Kepa Peñagarikano. Horietako batek hartuko du Xabier Zalduaren lekukoa Euskal Pentatloiaren irabazleen palmaresean.
Hamabi kirolari lehiatu ziren atzo arratsaldean Azpeitiko zezen plazan, laugarren edizioaren bigarren kanporaketan, irailaren 25ean toki berean 22:00etan hasita jokatuko den finaleko sei postuen bila. Hamabi horietatik zortzik iazko edizioan egindako markei esker zuten lekua gordeta gaurko saiorako; beste lau, berriz, joan den asteburuan jokatu zen lehen kanporaketatik zetozen. Lau txandatan banatuta jokatu dute gaurko kanporaketa saioa, txanda bakoitzean hiru kirolarirekin. Joseba Otaegi, Irazabal eta Aratz Mugertza aritu dira lehen txandan; Julen Kañamares, Gorka Etxeberria eta Iñaki Errazkin, bigarrenean; Jon Gisasola Zelai V.a, Beñat Amade eta Kepa Peñagarikano azpeitiarra, hirugarrenean; eta Izeta VI, Gabirondo eta Jagoba Otaegi, berriz, laugarren eta azken txandan.
Izeta VI.a eta Julen Gabirondo dira aurtengo pentatloia irabazteko faboritoen artean gehien aipatu izan diren izenak. Atzokoan, Izetak faborito izaera berretsi egin zuen. Erakustaldia eginda irabazi zuen kanporaketa aiarrak, eta alde nabarmenarekin nagusitu zen: 12 minutu eta 29 segundo behar izan zituen lan guztiak (100 kiloko bola hamar aldiz jaso, gizon proban 400 kiloko harriarekin plaza bat osatu, kanaerdiko eta 45 ontzako enbor bana moztu, 50 kiloko bi txingarekin hiru plaza bete, eta korrika kilometro bat egin), eta proba guztietan berea izan zen arratsaldeko markarik onena. Gabirondo, aldiz, bere maila onenetik urruti ibili zen. Bosgarren denbora eginda (14’51”), finalean sartzea lortu zuen, baina estu ibili zen segalaria.
IV. Euskal Pentatloian lan ona egiteko hautagaien artean zegoen Joseba Otaegi ere, eta bera gogoan hartu dutenak oker ez zebiltzala erakutsi zuen atzo; berea izan zen arratsaldeko bigarren denborarik onena (13’09”). Bigarren edizioan txapeldunorde izan ondoren, iaz ez zuen pentatloian parte hartu Otaegik eta, horrenbestez, aurten bi kanporaketa jokatu behar izan ditu. Hirugarren postuan sailkatu da Iñaki Errazkin (14’38), iazko finalean bosgarren sailkatu zen kirolaria. Atzoko laugarren denborarik onena (14’44”), berriz, banakako pentatloian lehen aldiz parte hartzen ari den Aritz Irazabalentzat izan zen; bera eta Otaegi izan dira lehen kanporaketatik zetorren laukotetik finalean sartzea lortu duten biak. Finalerako seigarren eta azken tokia Kepa Peñagarikanorentzat izan zen: azpeitiarrak 15 minututan osatu zituen atzoko lanak.
Julen Kañamaresek (zazpigarren, 15’02”), Zelai V.ak (zortzigarren, 16’32”), Amadek (bederatzigarren, 16’44”), Jagoba Otaegik (hamargarren, 16’52”), Mugertzak (hamaikagarren, 17’42”) eta Etxeberriak (hamabigarren, 18’31”) osatu zuten bigarren kanporaketaren sailkapena.