Alaitz Imaz izan da Gipuzkoako Sega Txapelketako garailea

Erabiltzailearen aurpegia Ihintza Elustondo 2021eko irailaren 6a

Alaitz Imaz izan da Gipuzkoa 1 1630925981913
Alaitz Imaz izan da Gipuzkoa 2 1630925982063
Alaitz Imaz izan da Gipuzkoa 3 1630925982183
Alaitz Imaz izan da Gipuzkoa 4 1630925982342

Gipuzkoako Sega Txapelketa jokatu zuten larunbatean Aizarnan. Imaz hernialdearraren ondotik Ainara Otamendi ibartarra sailkatu zen. Gizonezkoetan Mikel Lizartza tolosarra izan zen bigarrena, eta Julen Gabirondo irabazlea.

Gipuzkoako Herri Kirolen Federazioak antolatuta eta Zestoako Udalaren laguntzarekin, Gipuzkoako Sega Txapelketa jokatu zuten larunbatean Aizarnan. Aranburu landetxearen pareko belardian egin zuten saioa, eta hiru emakume eta lau gizon aritu ziren nor baino nor.

Emakumeetan, Alaitz Imaz, Malou Henriksen eta Ainara Otamendi lehiatu ziren; Ainhoa Mazkiaran ere parte hartzekoa zen, baina azkenean ezin izan zuen bertaratu. 400 metro koadro belar ebaki behar izan zituzten hiru segalariek, eta Imaz izan zen lan horiek egiten azkarrena; 23 minutu eta 31 segundo behar izan zituen. Haren atzetik sailkatu zen Otamendi, 27 minutu eta zazpi segundoko denborarekin. Henriksenek eskuratu zuen hirugarren postua, 28 minutuko eta hamar segundoko denborarekin.

Gizonetan, Julen Gabirondok, Jon Otegik, Mikel Lizartzak eta Iñigo Mercaderrek neurtu zituzten indarrak. Haiek mila metro koadro belar ebaki behar izan zituzten, eta aise gailendu zen Gabirondo; 35 minutu eta bederatzi segundo behar izan zituen lanak amaitzeko. Haren atzetik, Lizartzak eta Mercaderrek amaitu zituzten lanak; batera samar bukatu zituzten egin beharrekoak, eta ez zen argi gelditu nork eskuratu zuen bigarren postua. Dena den, epaimahaiak adierazi zuen Lizartzak lehenago bukatu zuela proba, bi segundoko aldeagatik; 38:40 denbora egin zuen hark, eta 38:42 Mercaderrek. Azkenik, Otegik eskuratu zuen laugarren postua, 43:12 denborarekin.

Argazkiak: IHINTZA ELUSTONDO

Jarraitu irakurtzen Urola Kostako Hitza-n

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!