Zalduaren lekukoa hartzeko lehia hastear da

Erabiltzailearen aurpegia Mailo Oiarzabal 2021ko ira. 3a, 13:17

Azpeitiko zezen plazan egin zen atzo aurkezpena. MAILO OIARZABAL

Banakako IV. Euskal Pentatloia aurkeztu zuten atzo arratsaldean. Bihar jokatuko da gizonen lehen kanporaketa, irailaren 11n bigarrena, eta hilaren 25ean izango da finala; emakumeen lehia ere izango da egun horretan, eta saio guztiak Azpeitiko zezen plazan izango dira. Lehen kanporaketan Joseba Otaegi zizurkildarra sartuko da lehian.

Herri kirolen erakusleiho bihurtuko da datozen asteetan Azpeitiko zezen plaza. Aurreko hiru urteetan bezala, bertan jokatuko dute aurten ere banakako Euskal Pentatloi Saria, eta atzo aurkeztu zituzten antolatzaileek laugarren edizioaren xehetasunak, zezen plazan bertan. Joxe Anjel Sarasola asteasuarra izan zen aurkezpen lanak egiten, eta antolatzaile lanak egiten dituen Garikoitz Etxeberria amasarra ere bertan izan zen. Prentsaurrekoan parte hartuko duten zenbait kirolari ere izan ziren, tartean Joseba Otaegi zizurkildarra.

Hasteko, jakina da txapeldun berria izango duela pentatloiaren gizonen lehiak. Izan ere, aurreko hiru aldietan irabazi duen Xabier Zalduak ez du parte hartuko laugarrengoan. Hamasei kirolari lehiatuko dira Zalduaren lekukoa nork beteko: Joseba Otaegi zizurkildarra, Beñat Amade, Ousman Drame, Daniel España, Aritz Irazabal, Unai Ardeo, Jon Unanue Goenatxo III.a, Gorka Etxeberria, Julen Gabirondo, Kepa Peñagarikano, Iñaki Errazkin tolosarra, Julen Kañamares, Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a, Jagoba Otaegi, Aratz Mugertza eta Jon Gisasola Zelai V.a. Mikel Agirrek ere emana zuen izena, baina azkenean ezingo du parte hartu. Bestetik, aurten lehen aldiz, emakumeen txapela ere banatuko du Euskal Pentatloiak: Garazi Arruti, Karmele Gisasola Zelai III.a eta Lucia Orbe dira emakumeen lehen txapelaren bila ariko direnak.

Bi kanporaketa eta finala

Emakumeen lehia finalaren egunera mugatuko da, irailaren 25era, alegia. Egun horretan, 22:00etan hasiko da herri kirolen ikuskizuna Azpeitiko zezen plazan. Gizonei dagokienez, ordea, sei kirolari besterik ez dira lehiatuko finalean, eta horien izenak erabakitzeko kanporaketak egingo dituzte lehendabizi. Aurreko urteetan kanporaketa bakarra izan bada, aurten bi izango dira, biak 18:00etan hasita, lehendabizikoa larunbat honetan eta bestea hilaren 11n.

Iazko edizioan “zortzigarren postutik atzera gelditu zirenak eta aurten izena eman duten berriak” lehiatuko dira larunbat honetan lehen kanporaketan. Joseba Otaegi, Amade, Drame, España, Irazabal, Ardeo, Goenatxo III.a eta Etxeberria dira horiek. Zortzikote horretatik lau denbora onenak egiten dituztenek lortuko dute bigarren kanporaketan aritzeko txartela. Han, hilaren 11an, Gabirondo, Peñagarikano, Errazkin, Kañamares, Izeta VI.a, Jagoba Otaegi, Mugertza eta Zelai V.a izango dituzte zain; bigarren kanporaketan lehiatuko diren hamabi kirolariek hilaren 25eko finaleko sei postuak izango dituzte jokoan.

IV. Euskal Pentatloiaren hiru jardunaldietan lan neurri desberdinak izango dira. Horrela, lehen kanporaketan harriari zortzi jasoaldi egin beharko dizkiote, giza proban plaza bat osatu, aizkoran kanaerdiko bat ebaki, txingekin hiru plaza egin, eta korrika kilometro bat, zezen plazari hamar itzuli emanez. Bigarren kanporaketan, giza proban, txingekin eta korrika lehen kanporaketako lan berberak izango dituzte kirolariek, baina harria hamar aldiz altxatu beharko dute, eta aizkoran bi enbor moztu, kanaerdikoa bata eta 45 ontzakoa bestea. Finalera iristen direnek izango dituzte aurrean lanik gogorrenak: harria 25 aldiz jaso beharko dute, giza proban bi plaza osatu, aizkoran hiru kanaerdiko ebaki, txingekin sei plaza osatu, eta korrika plazari 30 itzuli eman. Emakumeen finalean, berriz, harria hamabost aldiz jaso beharko dute, giza proban plaza bat bete, aizkoran 45 ontzako bi enbor moztu, txingekin lau plaza egin, eta korrika plazari hamabost itzuli eman.

Sarrerak aurrez jarri dituzte salgai, Azpeitiko Mendizabal erretegian eta Tolosako Kantabriko tabernan. Pandemiaren aurkako neurriak direla eta, ikusleek iazko protokolo bera jarraitu beharko dutela zehaztu dute antolatzaileek: sarreran datuak hartuko dizkiete, musukoak jantzita egon beharko dira, eta aforo mugak zorrotz betetzeko erabil daitezkeen eserlekuak markatuta jarriko dituzte harmailetan.

Jarraitu albistea irakurtzen Urola Kostako Hitza-n

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!