'Euskal Herri barneko mundubira' bizikleta espedizioa egingo dute bederatzi egunez

Erabiltzailearen aurpegia Urola Kostako Hitza - Aritz Mutiozabal eta Mireia Galarza 2021ko abu. 31a, 10:47

Gaur goizean abiatu da seiko taldea Getariatik eta irailaren 8an toki berean bukatuko dute, Euskal Herrian barna 720 kilometro inguru egin ondoren. Helburua da itsas historia berreskuratuko duen ibilbide bat osatzea. Tartean dira Garbiñe Mendizabal irurarra eta Josu Iztueta tolosarra.

Gaur goizean abiatu da Euskal Herri barneko mundubira bizikleta erronka Getariatik, eta egitasmoa aurkezteko atzo arratsaldean elkartu ziren sustatzaileak eta parte-hartzaileak San Prudentzio Hotelean. Elkano Fundazioaren ekimen honek “Euskal Herri itsastarra deskubritzea eta jasotzea” duela helburu nabarmendu du fundazioaren zuzendari eta ibilbideko taldekide Ion Irurzunek. Azken finean, bizikleta “aitzakia bat” dela aitortu du itsasoari loturiko herrien ondarea berreskuratzeko eta edonoren eskura jartzeko. Hori horrela, sei laguneko txirrindulari talde bat osatu dute, eta bederatzi eguneko espedizioa egingo dute errepidean, 720 kilometro inguruko bidea osatuz, Euskal Herriko hainbat herri lotzeko.

Irurzunekin batera, agerraldian izan dira Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo zuzendari Iker Goiria, Basquetour Euskal Turismo Agentziako zuzendari Daniel Solana eta ibilbideko gainerako kideak: Ane Miren Miralles, Naila Jornet, Garbiñe Mendizabal, Ander Izagirre eta Iosu Iztueta. Bertan izan dute erakusgai erabiliko duten bizikleta eta elastikoa ere.  “Proiektu honen asmoetako bat ere bada gogoeta espazio bat izatea”, jarraitu du Elkano Fundazioako zuzendariak: “Fundaziotik behin eta berriz bultzatu nahi izan ditu gogoeta espazioak, garai hartako eta egungo gizarteak alderatzen dituzten hainbat gaien inguruan hausnartzeko. Eta hori eskatu nahi diogu erronka honi ere”.

Taldea bihar goizean abiatuko da, 09:30ak aldera, Getariako plazatik, eta herriko kaleetan ibili ondoren, Mundaka amaituko dute lehen etapa; bidean Zumaiatik igaroko dira, baita Deba, Ondarroa, Lekeitio, Ispaster eta Eatik ere. Datorren irailaren 8a bitartean iraungo du Euskal Herri barneko mundubira egitasmoak, eta Getarian bertan amaituko da; Oriotik eta Zarauztik ere igaroko dira amaieran, alegia. Partaideek dibulgazio-dokumental bat ekoizteko asmoa dute, eta, era berean, Ander Izagirre idazle eta taldekideak bidaia-liburu batean jasoko du esperientzia, bidaia kronika eta kontakizun historikoa uztartuz.

“Gu geu ezagutzea”

Garbiñe Mendizabal taldekide tolosarrak Elkano Fundazioari eskerrak eman dizkio erronka honetan parte hartzeko gonbita egiteagatik. Beretzat “opari eder bat” da Elkanoren Mundubiraren oroitzapenean parte hartu ahal izatea: “Guk egingo dugunak ez dauka konparaziorik hark egin zuenaren aldean, askoz erosoagoa izango baita gure bidaia. Baina aldarrikatu nahiko nuke askotan bidaiatzea kanpora joatea dela iruditzen zaigula, eta ez gara kontziente zer-nolako lurraldea daukagun. Azkenean, gure lurraldea ezagutzea gu geu ezagutzea da, gure sustraiak ezagutzea delako. Zentzu horretan, aberasgarria da, gerora bidaiatzen duzunean bestelako ikuspegi bat ematen baitizu”. Esperientzia “ahaztezina” izango dela azpimarratu du.

Naila Jornet katalana ere ilusionatuta azaldu da, baina apur bat “biluzik” sentitzen dela onartu du, ez duelako zonaldea gehiegi ezagutzen: “Euskal Herriko kostaldea oso berria da niretzat, eta, aldi berean, ezberdina. Irrikaz nago pedalei ematen asteko eta ibilbideari ekiteko, eta abentura honek eman diezaguken guztia ezagutzeko”.

Turismo zuzendari Iker Goiriaren esanetan, “oso inportantea da horrelako ekintzak egitea, balioa ematen zaiolako Euskal Herri eta, bereziki, Gipuzkoa itsastar horri”. Itsas ondareari buruzko kontakizunak bizikleta gainean jasotzea “oso aberasgarria” dela iritzi dio, gainera.  Basquetour agentziako zuzendari Daniel Solana gustura agertu da egitasmoaren aurrean: “Ibilbide honek gure lurraldeak dituen balioak zeintzuk diren erakusten dizkigu, oso erakargarriak direnak bisitarientzat, baina baita guretzat ere, etxekoontzat ere. Beraz, Basquetourretik oso pozik gaude proiektu honetan parte hartzeagatik, eta promozionatu egingo dugu gure ibilbide turistikoen barruan”. Era berean, ibilbidea Euskal Herriko txirrindulari-bideen artean errotzea nahiko lukete.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!