Julen Alberdik eta Jexux Mari Mujikak irabazi dute Gipuzkoako Binakako Aizkora Txapelketa

Erabiltzailearen aurpegia Aritz Mutiozabal 2021ko eka. 29a, 12:47

Julen Alberdi eta Jexux Mari Mujika, txapelekin. IBON ERRAZU

Lehia ikusgarria izan zen igande eguerdian Aiako probalekuan, eta bikote garaileak 21 minutu eta 59 segundo behar izan zituen sei kanaerdiko eta sei hirurogei ontzako enborrak ebakitzeko.

Gipuzkoako Binakako Aizkora Txapelketa jokatu zen igande eguerdian Aiako probalekuan, punta-puntako sei aizkolariren artean, eta emaitza ere halakoxea izan zen. Lehia borrokatua eta estua. Bikote bakoitzak sei kanaerdiko eta sei hirurogei ontzako enborrak moztu behar izan zituen; hau da, lehenik hiru kanaerdiko, gero sei hirurogei ontzakoak eta, amaitzeko, beste hiru kanaerdiko. Lanak egiten bikote azkarrena Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarrak eta Jexux Mari Mujika ibartarrak osatutakoa izan zen, 21 minutu eta 59 segundorekin.

Eneko Otaño beizamarra eta Ugaitz Mugertza mutrikuarra izan ziren bigarren, 22 segundo eskasera; hauen denbora 22 minutu eta 21 segundokoa izan zen. Hirugarren, azkenik, Mikel Larrañaga azpeitiarrak eta Iñaki Azurmendi beasaindarrak osatutako bikoa sailkatu zen, irabazleengandik minutu erdira, 22 minutu eta 29 segundo eginez.

Txapelketa ikusgarria izan zen, ikusteko polita eta benetan lehiakorra. Bertaratu direnek gozatu ederra hartu zuten kirolariek eman zuten mailarekin eta erakustaldiarekin.

Ikusi txapelketako argazki galeria eta bideoa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!