Idiazabalgo familia batek irabazi du 2021 Euspot Euskarazko spot lehiaketako sari nagusia. Nekazaritzatik bizi nahi dugu! izenpean, helburua aurten spoten bidez gazteak eta batez ere emakumeak nekazaritzatik bizitzera animatzea izan da. Iñigo Zapirainek eta Sara Mujikak, Saoirse eta Sugaar etxeko txikiekin batera, Geroa ereiten lana ekoitzi dute lehiaketako 10. ediziorako, eta spotik onenaren saria jaso dute.
«Zoritxarrez baserri bizimodua gainbeheran dago eta garrantzitsua iruditu zitzaigun hori balioan jartzea», azaldu du Zapirainek. Sare sozialetan ikusi zuten deialdia: kontzientziazio kanpaina baterako 30 segunduko spota sortu behar zuten parte hartzaileek. Familian ideia garatu eta arratsalde batean grabatu zuten spota, Mujikaren betiko baserrian, Urtsuaranen: «Sararen ideia izan zen eta etxean bi artista dauzkagu, denera animatzen direnak; baserrira joan eta bizpahiru ordutan grabatu genuen». Edizio eta aukeraketa lanak Zapirainek egin zituen.
Nekazaritzak «ingurumenari eta jasangarritasunari ematen diona balioan jartzeko eta lehen sektorearen garrantziaz jabetzeko» baliagarri dira horrelako lehiaketak Zapirainen ustez: «Bermea izango da gazte belaunaldi berriak ere lehen sektorera atxikitzea». Familia baserrian bizi ez den arren, harreman estua du bizimoduarekin.