2016. urtean zehar Tabakalera eta tren geltokiaren arteko horman ikusgai egon zen Bagerak eta Donostia 2016k elkarlanean sustatutako Europako hizkuntza komunitateen egurrezko mapa handia. Urtebeteko iraupena zuen proiektuak hasieratik, eta hala, urte baterako baimena jaso zuen instalazioak.
Bagera elkarteak mapa bere tokian mantentzeko eskaera luzatu zion Udalari, eta hala egin du udalak. Urtebetez aritu dira elkarlanean udala eta Bagera elkartea. Eneko Goia alkateak azaldu du Brontzezko mapa Donostia 2016 Fundazioak hartu duela bere gain, Kultura Hiriburutzaren ondarearen erakusgarri. “Euskara eremu urriko hizkuntza da, baina ez egitura eta borondate urrikoa. Guztion artean hegoak eta baliabideak ematen jarraituko dugu, bizirik jarrai dezan”, azaldu du du Goiak.
Eibarko Alfa Arte tailerrean egin dute mapa eta brontzezkoa da, eguraldiaren gorabeherei aurre egiteko. Manex Izagirre arkitekto tolosarra eta Iñaki Rifaterra artista izan dira egileak.
Bageraren ospakizun festa, Maiatzaren 21ean
Bestalde, Bagera Euskaltzaleen Elkarteak gaur arratsaldean ospatu behar zuen Europako Hizkuntzen Maparen itzulera, baina eguraldia dela eta, bertan behera utzi du gaurko ekitaldia. Maiatzaren 21ean egingo dute, Kultur Aniztasunaren Mundu Egunarekin bat eginda. Europako eta Donostiako hizkuntzen alde eta hauek bultzatzeko donostiarrek behin eta berriro erakusten duten grinagatik ospakizun xumea egingo du Bagerak hurrengo hilabetean. Arte-lanaren egileek obraren inguruko azalpenak emango dituzte eta musika zein beste sorpresa batzuez gozatuko ahal izango dute guztiek. Tabakalera aurrean elkartuko dira 18:30ean, sarrera nagusiaren aldean.