Handituko da artisten parkea

Erabiltzailearen aurpegia Ipar Euskal Herriko Hitza. Joanes Etxebarria 2018ko mar. 26a, 08:41

Xiru festibalak 2004an estreinatu zuen Irabarneko Ütürzabala parkean ezarri zen lehen artelana. Geroztik, urtez urte artistak gomitatu, eta aurten, Koldobika Jauregik ezarriko du hamaikagarren zizelketa. Ühaitza ibaiaren hegian eta korrikalarien bidean zehar handituz doa kanpoko museoa.

Koldobika Jauregi eskultorea gomitatu du aurten Xiru festibalak Irabarnera, Ühaitza ibai hegian kokatzen den Ütürzabala parkean bere obra ezartzera. Hamaikagarrena izanen da aurtengoa. Iragan astean ari izan ziren herriko langileak eta festibaleko laguntzaileak artistaren betoizko murrua altxatzen, martxoaren 31n estreinatu ahal izateko.

“Normalean ez dira halako proposamenak izaten” Koldobika Jauregirentzat, “herritarrek bultzatutako proposamenak” ez baitzaizkio ohikoenak, baina “horrek interesgarriagoa” bilakatzen duela ziurtatu du. 40 bat obra baditu Euskal Herrian gaindi ezarriak, gehienetan erakunde publiko nahiz pribatuen eskariz. Baionan ere ezarriko da laster haren beste zizelketa bat,  Aizkora eta Arbola izenekoa.

Irabarnen leihoak dituen pareta bat izanen dela salatu du: “Hiru leiho badira, bi itsuak eta bat irekia. Alde batean, ardi edo arkume arrastoak badira, transhumantziarekin lotuak. Izan daiteke abereena edo pertsonena, gaur egungo gaiekin oso lotua”. Lehen pareta altxatu zuen torturatu eta hil zuten Zizurkilgo (Gipuzkoa) Joseba Arregi ETAko militantearen omenez, herritarrek galdeturik. Beste bat ere egin zuen, txikiagoa, Amnesty Internationalek urtero Donostian egiten duten festibal batean sari gisa eskaintzekoa: “Ideia ez zen balio handiko sari bat ematea. Hormigoiak eta beste materialek erakusten dute gai sozialak nola diren, marjinazioa eta abar”.

Irabarne lehenik, Baiona ondotik, “puntu politiko bat” duen artea da berea, Koldobika Jauregik dioenez. Horri lotua da ere, nolazpait, dirurik emanen ez dion proposamen zuberotarra onartu izana: “Nik uste dut artistaren inplikazio soziala oso inportantea dela; akaso garai batean orain baino askoz gehiago zen artistaren pisu soziala”.

Koldobika Jauregiren aitzinetik hamar artista edo kolektiboren zizelketak pausatuak izan dira Ütürzabalean eta Xiru festibalean estreinatuak. “Halako beste proiekturik, pentsatu beharko nuke, baina ez datorkit burura. Oso berezia eta garrantzi handikoa da”, ondorioztatu du aurtengo gomitak. Alta, antolatzaileen parean, izan dira ere obrak oztopo gisa ikusi izan dituztenak.

Jarraitu hemen irakurtzen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!