Migel Zeberioren gau magikoa

Erabiltzailearen aurpegia Bidasoko Hitza 2017ko irailaren 12a

Magikoa, halakoa izan zen atzo gauean Benta eremuan bizitutako kontzertua. Hondarribian bizi den Migel Zeberio tolosarrak zuzentzen duen Et Incarnatus Orkestrak hiriko jaietarako propio prestaturiko emanaldia eskaini zuen, euskal pop-rock izarrez eta beste zenbait musikariz lagunduta. 

Niko Etxart, Petti, Izaro, Alex Sardui eta Gorka Sarriegi igo ziren taulara, eta kanta propioak eta euskal kantagintzako klasikoak interpretatu zituzten, Tolosako orkestraren moldaketekin.

Klasikoen artean, erraz iristen diren doinuak hautatuak zituzten (Balearen bertsoak,  Bizkaia maite,  Izarren hautsak…), eta ahotsak ere ez ziren nolanahikoak. Publikoak asko gozatu zuen abeslarien nahiz orkestraren interpretazioarekin. Baina batez ere harrigarria da jaialdian parte hartu zuten abeslari gazteenenekin orkestrak eginiko lana, haien abestien moldaketak zoragarriak izan ziren, ederrak benetan.

Kontzertu hori bera eskainiko dute Zarateko lepoan, datorren igandean, 12:00etan, Azken Muga egitasmoaren barruan.

Kontzertuko argazki guztiak ikus ditzakezue Bidasoko Hitzan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!