Herriko zenbait gune «utzikeria egoeran» daudela kritikatu du Tolosako PSE-EEk

Erabiltzailearen aurpegia Tolosako PSE-EE 2026ko ekainaren 16a

Zenbait pintada Beotibar kaleko fatxada batean. J. A. D.

Joxe Mari Villanueva zinegotziak salatu du udal gobernuak ez duela irtenbiderik eskaintzen, eta exijitu du Tolosak plangintza, kudeaketa eta ekintza gehiago behar dituela.

Tolosako PSE-EEk «udal gobernuaren kudeaketa falta» nabarmendu du. Herriko zenbait gune «utzikeria egoeran» daudela esan du Joxe Mari Villanueva zinegotzi sozialistak, eta salatu du «ez dagoela herriaren benetako beharrei erantzuteko proiekturik».

Alde Zaharreko zenbait gune «egoera kezkagarrian» daudela adierazi du Villanuevak, esaterako, Armeria plaza. Martxoko osoko bilkuran, espazio hori «abandonatuta» zegoela salatu zuen, eta plazaren diseinu berri bat eskatu zuen epe ertainerako. Gorriti plazari buruz ere «kezkatuta» hitz egin du. «Bizilagunek konfiantza guztia galdu dute udalarengan, aurreko legegintzaldian idatzita utzitako proiektuak ez duelako inolako aurrerapenik izan. Era berean, ez da inolako urratsik egin ibaiertzean pasealekua egiteko».

«Alde Zaharraren narriadura errealitate nabaria da, eta herritar askok partekatzen duten kezka», iritzi dute Villanuevak. Alderdiko bozeramaileak esan du duela urte batzuk bertako bizilagunek «premiazko esku hartzea» eskatu ziotela udalari. «EH Bilduk udal gobernuan hiru urte daramatzan arren, egoerak bere horretan jarraitzen du. Udalaren lehentasuna izan behar zuenak ez du aurrerapauso esanguratsurik eman».

Villanuevaren ustez, azken urteetan «eraldatu» beharreko beste eremu bat da Soldadu, Beotibar eta Antonio Lekuona kaleek osatzen dutena. «Ulertezina da bertan inolako jarduketarik ez egitea, eta autoek oinezkoentzat izan behar zuen espazio bat okupatzen jarraitzea. Eremuaren abandonu sentsazioa erabatekoa da». Zinegotziak nabarmendu du Alde Zaharrak «mantentze-lan, plangintza eta ekintza gehiago merezi» dituela, eta hori falta izan dela legegintzaldi honetan. «Zoritxarrez, paralisiaren errealitate hori herriko beste eremu batzuetan ere ikusten da», gaineratu du.

Beste proiektu batzuetan «bultzada falta» nabarmendu du Villanuevak. «Batetik, Arkaute etxea, Euskal Mendizaletasunaren Museoa izan ordez, itxita eta erabat utzita dago. Bestetik, Geltoki plaza, abandonatuta eta proiekturik gabe dago oraindik. Azkenik, Zumarditxikia, narriatuta eta abandonatuta dago».

Testuinguru horretan, adibide modura jarri du duela gutxi Muno sustatzaileak San Cosme eta San Damian eremuko orubean zuen garabia kendu izana. «Uko egin dio hiru urte baino gehiagoz eraikitzeko lizentzia zuten 50 etxebizitzak eraikitzeari. Egia da mendi-hegalean arazo tekniko-geologikoak izan zirela, baina konpontzeko modukoak ziren. Hori ez da arazoa izan, udal administrazioak jarritako oztopo-lasterketa bat baizik, Muno enpresak aurre egin behar izan diona. Tolosa, oraingoz, 50 etxebizitza horiek gabe geratu da».

PSE-EE «kezkatuta» dago «herriak bizi duen egoeragatik eta EH Bilduren ekimen faltagatik». Horregatik, «kudeaketa eraginkorragoa» eskatu du Villanuevak, «proiektuak errealitate bihurtzeko».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!