Bidania-Goiazko eta Zizurkilgo eraso matxisten harira oharra

Erabiltzailearen aurpegia Gerizpe, Tolosaldeko Emakume Langileon Defentsa Taldea 2020ko apirilaren 17a

Irmoki salatzen ditugu Bidania-Goiatzen eta Zizurkilen gertatu diren eraso matxistak, eta gure babesik beroena helarazi nahi diegu erasoa jasan duten emakumeei

Ohar honen bitartez azken egun hauetan jakin ditugun Bidania-Goiazko eta Zizurkileko indarkeria matxisten salaketa egin eta indarkeria matxista oro gaitzetsi nahi dugu.

Azken irakurketan azaldu bezala salbuespen egoera inposatu digute, gure osasunarentzat onena denaren aitzakipean konfinamendura derrigortuz, kontrara gure ongizatearentzat kaltegarriak diren erabakiak hartzen dituzten bitartean: lanera joan beharra besteak beste. Modu horretara argi utziz langileon biziak ez duela ezer balio, eta garrantzia duen bakarra ekonomia kapitalistaren mantenua eta garapena dela.

Konfinamenduak ordea berarekin dakartza isolamendua, bakardadea, estresa eta segurtasun eza; are gehiago egoera zaurgarrienean kokatzen diren pertsonen artean. Testuinguru horretan kokatu behar ditugu euren gizonarengandik erasotuak diren emakumeak jasaten ari diren egoera. Bakartze sozialak edozein indarkeria errezten baitu, gizonak inpunitate osoz jarduteko eskumena eskuratuz.

Horren aurrean, alde batetik, argi utzi nahi dugu egunerokoan ohi bezala, konfinamendu garaian are eta isilago eta ezkutatuago igaroko direla biolentzia matxista kasu asko eta asko. Indarkeria salatzeko gaitasun eta aukerarik ez dutelako eta isolamenduak euren gizonarengandik banantzea eta babestea zailtzen duelako. Beraz, argi utzi nahi dugu konfinamendua bezalako testuinguruek indarkeria areagotzea lortzen dutela, horri aurre egiteko beharrezkoak diren bitartekoak ez ditugun garai honetan gainera.

Eta bestetik, indarkeria matxista saihestu ahal izateko eta euren aurrean jarduteko protokolo ahalik eta eraginkorrenak garatzeko premia begien bistakoa dela adierazi nahi dugu.

Hasieran aipatu bezala, irmoki salatzen ditugu Bidania-Goiatzen eta Zizurkilen gertatu diren eraso matxistak eta gure babesik beroena helarazi nahi diegu erasoa jasan duten emakumeei.

Isolamenduaren eta indarkeriaren aurrean emakume langileon antolakuntza!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!