Koronabirusa

Isolamenduaren eta indarkeriaren aurrean, emakume langileon antolakuntza!

Etxean isilpean eta isolaturik nahi gaituzten honetan, gure azalean jasaten ari garen eraso bakoitza salatzea dagokigu. Horretarako, e-maila jarri dugu martxan, egunez egun emakume langile izateagatik jasaten ditugun zapalkuntza zehatzak jakinarazi eta salatzeko.

Egunak dira jada Covid- 19 aitzakia hartuta mundua hankaz gora jarri zenetik. Testuinguru sozial hau ordea, ezin dugu modu neutro eta isolatu batean ulertu. Birusaren hedapena egungo ordena ekonomikoaren baitan gauzatu baita, enpresari handien eta bankuen interesak eta beharrak erdigunean jartzen dituen sistema kapitalistaren baitan. Gainera, osasun krisialdia aitzakia hartuta Estatuak salbuespen egoera inposatu du, langileon aurkako ofentsiba zuzena ezarriz: isunak, atxiloketak, debekuak. Koronabirusak langileon osasun eta bizitzetan izaten ari den eragina alboratuz.

Konfinamendu garaia igaroko bada ere- itxialdia, isolamendua- baita neurri batean osasun krisialdia ere, hemendik aurrera etorriko den ofentsiba ekonomikoan jarri behar dugu arreta. Bizi kalitatearen okertzea langile klase osoak bere azalean jasango baitu. Garai hauetan agerian geratu den bezala, mundu guztiak ez du kalitatezko osasuna jasotzeko eskubiderik ez eta etxebizitza izateko aukerarik ere, eta asko eta asko derrigortuak dira baldintza negargarrietan lanera joatera.

Bizi baldintzen okertzea oraindik eta modu lazgarriagoan jasango dugu emakume langileok, subjektu menperatu izatearen ondorio zuzenak pairatuz. Alde batetik, emakumeok subjektu debaluatu izatearen ondorioz, baldintza okerrenak dituzten lanak egiten ditugu orokorrean; lan partzialak, kontraturik gabe, soldata baxuak, etab. Krisialdi ekonomikoaren ondorio gordinak beraz, zuzenean jasan beharko ditugu, jadanik ezegonkortasun egoeran kokatzen baikara. Beste alde batetik, bai konfinamendu garaian bai atzeraldi ekonomikoan, indarkeria testuinguruak areagotu egingo dira, horrek ondorio krudelenak eraginez emakume langileongan. Indarkeria matxistaren bitartez, emakumeok are eta subjektu menderatuago izatea lortuz. Eta azkenik, egoera guzti honi emakumeok etxean, famili unitatean, egin behar izaten ditugun lan guztiak gehitu behar zaizkio. Emakume langileok familia osoaren erreprodukziorako ia jarduera guztiak gure gain hartu behar izaten baititugu; zer esanik ez konfinamendua bezalako testuinguruetan.

Testuinguru sozial horren barruan kokatzen da Tolosaldeako errealitatea ere. Hasteko eta behin, arreta berezia jarri nahi dugu Tolosaldean egon diren eta egon daitezkeen Covid- 19 birus kutsatuen kantitateari. Kutsatuei dagokionez, Euskal Herrian zehar proportzio altuena duen eskualdeetako bat baita gurea. Bestetik, eta lehenarekin lotuz, erabat esanguratsua iruditzen zaigu Iurramendi egoitzan langile eta egoiliarrak bizitzen ari diren egoera lazgarria. Eskualdeko gaixoen kopuru handi bat bertan kokatzeaz haratago, langileen bizi baldintzak ez daude inondik inora bermatuak – aginduak nahasiak dira, materiala iristeko arazoak dituzte, koronabirusaren proba egiteko oztopoak-, lanera joateagatik euren bizia arriskuan jartzen baitute. Gure babes osoa helarazi nahi diegu bertako langile eta egoiliarrei. Iurramendi egoitzako egoerak esangura handia badu ere, eskualdean zehar ugariak dira lan baldintza tamalgarrietan ari diren emakumeen kasuak: garbitzaile enpresetakoak, zaharren zaintzaz arduratzen direnak, interna lanetan ari direnak, positibo eman dutenak zaintzen ari direnak inongo segurtasun baliabiderik gabe, etab. Emakume langileok ez dugu ahotsik ordea, existituko ez bagina bezala jokatzen du gure mundu honek. Beharrezkoa da beraz, kasu horiek guztiak ezagutaraztea eta egoera okerrenean gaudenon interesak lehen lerroan jartzea.

Emakume langileon osasuna eta bizia egunerokoan kolokan jartzen ari diren honetan, guri dagokigu egoera horri aurre egiteko bitartekoak egikaritzea. Horretarako langileok ezinbesteko premisa ditugu batasuna eta antolakuntza: elkarrekin borrokatzea.

Gerizpetik gure aletxoa jarri nahi dugu emakume langileon antolakuntza gorpuztera begira. Etxean isilpean eta isolaturik nahi gaituzten honetan, gure azalean jasaten ari garen eraso bakoitza salatzea dagokigu. Horretarako, e-maila jarriko dugu matxan gerizpeharremanak@gmail.com, egunez egun emakume langile izateagatik jasaten ditugun zapalkuntza zehatzak jakinarazi eta salatzeko: lanean, etxean, kalean, etab.

Salaketa e-mail horrekin hiru helburu hauek bete nahi ditugu:

  1. Emakume langileok eskualdean bizitzen ari garen egoera ezagutzea eta informazio andana elkartzea. Ez gaitezen ixildu, ez gaitezen kikildu, jasaten ari garena zabaldu behar dugu!

  2. Egunerokotasunean eremu guztietan erasotuak garenon saretze bat egikaritzea. Bakarrik eta isolamenduan nahi gaituzten honetan, elkartasun sareak osatu behar ditugu!

  3. Eta azkenik ahalik eta indar gehien batu nahi ditugu zapalkuntza zehatz bakoitzari aurre egiteko antolakuntza tresna are eraginkorragoa eraikitzeko. Gure azalean jasaten dugun errealitate gordinari erantzuteari ekin behar diogu!

Isolamenduaren eta indarkeriaren aurrean, emakume langileon antolakuntza!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!