Pasa den martxoan Iruñean burutu zen manifestazioaren eta bertan eman ziren istiluen harira kokatzen da akusazioa. Akusazioa terrorismo parametrotan kokatzen du auzitegiak, honek suposatzen duen guztiarekin.
Berriro ere Espainiako Estatuak mozorro demokrata erantzi du, bere izaera zapaltzailea agerian utziz. Argi geratu da botere dominatzaileak ez duela nahi sumisioan mantentzen duen subjektuaren partetik iniziatiba zein ekimenik ikusi eta pairatu. Langile herriak dituen ezinegon, behar eta arazoen aurrean irtenbiderik topatzen ez duenean borrokara kondenatua dago. Honela, ezarritako bizi eredua deseraiki edota bere burujabetzaren bidea jorratzen duten espresio oro erasotuak izaten ari dira estatu burgesaren partetik.
Hau honela, klase sozialak (burgesia eta proletarioa) eta hauen barruan artikulatua dagoen erlazio sozial produktiboen formaren gainean idatzi behar dugu kontakizun politikoa. Bizi ditugun arazoak ez baitira Espainia alua delako edota Rajoy eta Urkullu desorekatu batzuk direlako; zapalkuntza estruktural baten bi errepresentazio konkretu dira horiek, eta erroan dagoen antagonismoak (kontraesan bateraezinak) eta talka politiko horretan gertatzen den indar korrelazioak eta botere politikoek determinatzen dituzte bizi dugun egoera eta bertan gertatzen diren arazoak.
Hau esanda, gure herritik klase borroka elikatzea eta langile kontzientzia piztea dira beharrezko ditugun zereginak. Zapalduok botere propioa sortzeko bidean baldintzak eraikitzea dugu xede, klase borrokaren espresio ezberdinen aurrean esku hutsik aurkitu ez gaitezen. Horregatik, dena osotasun baten barruan ulertu beharra dagoelako; gazte hauen askatasunaren aldeko dinamika eta ekintzetan parte hartzera deitzen zaituztegu, ez baita gazte hauen aurkako eraso bat soilik, denoi eragiten digun kolpe errepresibo bat baizik.
Bukatzeko, errepresaliatu politiko guztiekin batera, Altsasukoak eta Herrirako 48ak ekarri nahi ditugu gogora bereziki, azken urteetan eman den fase errepresibo handienaren aurrean kokatzen garenaren lekuko baitira eta auzi ezberdinak badira ere, kausa berdinaren ondorioz izan dira kolpatuak, langilegoaren emantzipazioa hauspotuz.
Elkartasun eta konpromisoz, askatasuna jomuga! Zuekin gaude!
Gazteak Kalean