Mobilizazioak behin hasita, kapitalaren piketeak azaldu ziren Orixe institutura. Bertan, hiru gazte izan ziren selektiboki identifikatuak, kasualitatea ez izanik horietako bat Intxurreko muntai polizialean auziperatutako bat izatea. Gainera, kide honekiko jarrera arbitrarioa izan zuten, bereak ez diren ardurak bere gain lizunki egotziz. Gauzak honela, Herrikiderantz abiatu zen piketea, bidean zehar eskoltatua izan zelarik. Iritsi orduko, porrazoz, kolpez eta irainez desegina izan zen, ikasleak dispertsatuz eta beldurrez alde egiten ari zen ikasle sorta bat identifikatuz. Jarraian, mobilizazioa Inmakuladatik pasa eta Ikastolaruntz abiatu zen. Lauzpabost patruila zeuden bertan ikasleen zain, baina hauek aurrera jarraitu zuten mobilizazioarekin; kasko gorriek ordea, euren armekin eskuetan, ikasleria inguratu eta identifikazio eta tentsio une gehiago sortu zituzten. Ikasleek Triangulo Plaza aldera korrika alde egin behar izan zuten, eta behin gauzak lasaituta, arratsalderako manifestaziorako deia luzatu zuten. Manifestazioa hasi bezain pronto, hiru anti-disturbio furgoi azaldu ziren eta manifestazioan zehar atzetik jarraika ibili ziren, ikasleria beldurtu nahian.
Gertakariak guztira 15 identifikazio utzi zituen (Euskal Herriko zifra handiena). Gazte hauek, izugarrizko bortizkeri poliziala jasan ondoren, epaileak mailuaz emango duen kolpearen zain gelditzen dira. Gaur egun oraindik Ertzaintzak euskal jendartean ospe sozial/mediatiko ona duen arren (argitara atera ez diren tortura kasu ugariren itzala jarraika izanik), honelakoetan argi eta garbi ikus dezakegu zapalduok posizio sozial marjinalean mantentzeko lanabes errepresiboa dela; burgesiaren kontrolpean, interes politiko-ekonomikoak babestea besterik ez duela xede, beharrezkoak zaizkion neurriak erabiliaz horretarako.
Bestalde, osteguneko manifestazioan, erreakzioetan, sare sozialetan, prentsan, kaleetan, ez da herri sektore kontzientziatuen partetik elkartasunik adierazi izan, ikasleak bakarrik eta isolatuta geratu direlarik. Nahiz eta errepresioak milaka forma eta aurpegi erakusten dizkigun, ostegunean, burgesiaren mesedetara hegemonikoa den erlazio sozial kapitalisten produkzio eta erreprodukzioaren biziraupenari begira estrukturalki eratuak diren mekanismo errepresiboen ofentsiba bat gehiago jasan behar izan zuten Tolosaldeako ikasleek. Errepresio kasu hau ezin dugu kasu isolatu bezala ulertu, burgesiak langile klasearen dominaziorako duen funtsezko erreminta gisa baizik. Honen aurrean ezinbestekoa da ikasle, langile, zein zapaldu orok, ostegunean gertatukoa bere egin eta sentitzea. Gauzak honela, ezer pasa izan ez balitz bezala jokatzea ez da zilegi, elkartasuna eta batasuna uztartzea derrigorrezkoa dugu zapalduok auzoz auzo, esparruz esparru, herriz herri...
Besterik gabe, bereziki gure elkartasun beroena adierazi nahi diogu Tolosako ikasle mugimenduari, alienaziorako mekanismo diren lau hormen inguruan zarata atera eta gazteok bizitzera kondenatuta gauden etorkizun beltz honen aurrean matxinatzea ez baita delitua!
Gora zapalduon borroka!