Zure haurren elikadurak kezkatzen bazaitu, garrantzitsua da elikadura ohiko gaia izatea etxean, haurrekin asko hitz egitea ulertzeko gai diren neurrian, eta batez ere, gurasook zenbait irizpide garbi izatea eta horiek txiki-txikitatik azaltzea gure haurrei.
Elikaduraren kalitatea zaintzen saiatzen garenok, ez dugu beti erraza izaten, etxetik kanpo oso erakargarriak egiten zaizkien produktu asko daudelako; eta kalean aurkitzen dutena baino are arriskutsuagoak iruditzen zaizkit telebistako iragarkietan ikusten dituztenak: neska-mutil eder eta lerdenak ageri dira, pozik, energiaz gainezka… eta zein da beraien zoriontasunaren sekretua? Produktu prozesatu azukredunen bat ia beti: gailetak, freskagarriak, gosarirako txokolate-hautsa, poltsako patatak, saltxitxak, pizzak, hanburgesak...
Aurreko guzti hori bada hain justu gure umeentzako nahi ez duguna, argi eta garbi azaldu beharko diegu horri buruz zer pentsatzen dugun eta zergatik. Ez izan beldurrik haurrei txiki-txikitatik elikadurari buruzko azalpenak emateko, guk uste baino askoz gehiago ulertzen dute, eta askotan harrituta ere uzten gaituzte guk esandako makina bat gauza barneratu dituztela konturatzen garenean.
Nik bi haur ditut, bost urte bete berri dituen alaba eta zortzi urteko semea. Alabari oraindik ezin diot azalpen gehiegi eman, baina ez dio axola, familiako gainontzeko kideok nola jaten dugun ikusiz ari da hazten, eta hori da egin dezakegun onena. Gure haurrek barazkiak jatea nahi badugu gu barazkiak jaten ikusi behar gaituzte, eta fruta jatea nahi badugu gu fruta jaten ikusi behar gaituzte. Eta gauza bera eragotzi nahi ditugun gauzekin: ez badugu nahi gure haurrek Coca-cola edaterik, guk ere ez genuke edan behar. Gure etxean zenbait gauza ez dira sartzen, eta hori badakite haurrek: ez da azukrerik jaten, ezta produktu findu eta prozesaturik ere, eta hori gurean legea da.
Askotan erosketak elkarrekin egiten ditugu, eta ahal den guztietan behintzat elikagai ekologikoak erosten ditugu, horrela gainera badakit denda horietan ez dela egongo nik beraientzat nahi ez dudan produkturik. Beti saiatzen dira beraiek ere saritxoren bat lortzen, eta gustuko duten zerbait hartu nahi izaten dute; horrelakoetan aukeratzen laguntzen diet beraientzat aproposena izan daitekeena proposatuz… Beti ez da ondo ateratzen, baina gehienetan akordio batera iristen gara.
Eta etxetik kanpo jaten dugunean? Beraiek aukeratzen dute zer jan nahi duten. Ez dut uste debekua bidea denik; garrantzitsua iruditzen zait etxean irizpideak garbi izatea, baina garrantzitsua iruditzen zait, baita ere, gauza desberdinak probatzen uztea hala eskatzen badute, eta beraiek ere erabaki dezaketela sentitzea (nahiz eta asko kostatzen zaidan isilik geratzea gomendiorik eman gabe). Denborarekin ari dira ikasten edozerk ez duela balio eta, badakite, noizbehinka egunerokotik atera daitezkeela, batez ere ospakizunen batean edo egun bereziren batean. Grazia gehiegirik egiten ez digun zerbait aukeratzen dutenean, egin dezakeguna da, alde batetik, ez zoriondu egin duten aukeragatik, eta bestetik ez esan «goxoa dago, ezta?» modukorik. Haur guztiei gustatzen zaizkie txokolatezko opilak edo litxarreriak, ezin hobeto diseinatuak daudelako horrela izan dadin, eta horren aurka ezin dugu ezer egin. Gure aldetik haurrei esan diezaiekegu «badakit gustatzen zaizula, baina ez da elikagai bat eta gure familian ez jatea erabaki dugu; norbaitek eskaintzen badizu eta probatu nahi baduzu ondo dago, baina ez dugu etxerako erosiko uste dugulako ez dela ona zuretzat».