Quesadak 2007. urtean hasi zuen bere ibilbidea Fleming Herri Eskolan. Urte hauetan irakasle eta irakasleburu lanetan jardun ondoren, azken bederatzi urteetan eskolako zuzendari izan da, konpromisoz eta gertutasunez komunitate osoaren alde lan eginez.
Omenaldia modu berezian hasi zen. Bere lankide eta lagun talde bat etxeko atarira joan zen Jesusi ezustekoa ematera eta berarekin batera ospakizunera laguntzera. Ondoren, guztiek Oianume jatetxean egin zuten bazkaria. Bertan 70 lagun inguru elkartu ziren, besteak beste, zuzendaritza taldeko kideak, irakasleak, eskolako langileak, udaleko langileak, Jaurlaritzako hezkuntza eta udal ordezkariak.
Giro hunkigarrian, urte hauetan egindako lana, dedikazioa eta utzitako arrastoa eskertu zizkioten, etorkizunerako zoriontasun eta osasun onena opa dizkiotelarik bere bizitzako etapa berri honetan.
Bere lankideek berari eskainitako hitzak:
«Jexux pertsona umil bezain handia da, handia bezain umila. Bihotza da. Egiten duen guztia bihotzetik egiten du, modu naturalean. Berdin zaio nor duen aurrean, izan ikasle zein irakasle, guraso zein garbitzaile, izan udaleko langile edo lehendakari, aurrean jartzen zaiona dena delakoa izan, egiten ari dena utzi eta bere zentzumen guztiak martxan jartzen ditu pertsona horri laguntzeko.
Gainera, errekurtso infinituko pertsona da, eta beti du soluzio posiblea, edo hori bilatzeko bidea topatzen dakiena. Eta guzti hori gutxi balitz, maitakorretan maitakorrena da, atxutxoiak eman eta jasotzeko beti prest dagoena, eta esaldiak beti "kariño" hitzarekin hasten dituena.
Lujo eta plazer bat izan da Fleming Herri Eskolan Jexux kide izatea. Irakasle lehenik eta ondoren zuzendari. Milioika lanbide izan ondoren bizitzak zegokion tokian jubilatzera eraman du. Eskola bat, gizartearen zati ttiki ttiki bat da, mundu propio ttiki bat duena, pertsona askoren elkargunea. Eskola bat hazten eta garatzen ari diren pertsonatxoen gunea da, zer hobea ibilbide horretako bidelagunen gidaria bihotzetik aritzen den norbait izatea?Maitasunaren eta líder ON baten eredu. Jexux, bihotzez esker aunitz!».