"Flemingkidetasuna, eskola komunitate osoan arnasten dugun giroari esaten diogu: ilusioa, konpromisoa, goxotasuna, gertutasuna, elkartasuna... guzti hau praktikatzen eta sentitzen dugu, eta herrira eta mundura zabaldu nahi dugu". Horrela nabarmendu du Jesus Quesada, Fleming Herri Eskolako zuzendariak. Berak gidatzen du, iaztik, lau urteetarako zuzendaritza proiektu berria. "Eskola gure etxea bezalakoa da eta horregatik aurkeztu genuen taldean zuzendaritza proiektua; eskola hobetu eta aberasteko, eskola publikoan sinesten dugulako".
Proiektua, klaustroan eta OOGean aurkeztu eta aho batez onartu zuten, eta honenbestez, lau urtetan hausnarketa pedagogiko jarraitua egitea jarri dute helburutzat. "Eskola bizirik egoteko beharrezkoa da metodologiari buruzko hausnarketa jarraitua egitea: gizartea aldatzen doalako, ikasleen eta familien ezaugarriak aldatzen doazelako, eta eskolak errealitate horretara egokitu behar duelako", esan du Quesadak. Fleming Herri Eskolako zuzendariak, harremanetan eta komunikazioan ere jarri du arreta: "Eskolaren komunitatea osatzen duten ikasle, irakasle, familia, udal, erakunde eta inguruko eskolekin harreman osasuntsuak nahi ditugu eta eskolan egiten eta bizitzen ari garena gizarteratu nahi dugu, flemingkidetasuna mundura zabaldu, alegia".
Josune Herrero, zuzendaritza taldeko kidea da eta ikasketa burua eskolan. Hezkuntza Bereziko aholkularia izan da eta laguntza taldean landu dituzten hainbat praktiken inguruan hitz egin du: "Ikasleak erlaxatzeko, kontzentratzeko eta arreta mantentzeko ariketak zenbateko onura ekartzen zuten ikusita, komunitate osora zabaltzea egokia izango zela pentsatu genuen. Umea ondo dagoenean, gai denean bere emozioak identifikatu eta kudeatzeko, gai da beste edozein gauza egiteko". Ongizate emozionala da, beraz, martxan den zuzendaritza proiektuaren beste helburuetako bat. Mindfulness formazioa egin zuten aurrena irakasleek eta orain familietara zabaldu dute. "Txoratzen daude gurasoak, eta ohiko formakuntzetan baino jende gehiagok eman du izena. Ikastetxean umeek egiten dutenak, etxean ere balio duela ikusten dute, hortaz, familia eta eskola bat eginda doaz", esan du Herrerok.
Haur hezkuntzako metodologia berria
"Gizartea aldatzen doa eta eskola ere etengabe aldatu eta berritzen joan behar da". Hori uste du Oihana Lopezek, Fleming Herri Eskolako idazkariak. "Gure eguneroko praktikari buruzko hausnarketetan murgilduta gabiltza".
Formazioak egin dituzte eta eskola berritzaileetara bisita pedagogikoen bidez (Gipuzkoan, Araban, Bizkaian, Nafarroan, Katalunian…) eredu ezberdinak ezagutzera joan dira. "Eredu asko daude", dio Lopezek, "Montessori, Reggio Emilia, Neurozientzia, giroak,… ez gara metodologia bakar batean zentratzen, metodologia ezberdinak ezagutu eta bakoitzetik gure errealitaterako egokia ikusten duguna hartzen dugu, gure bide propioa egiten ari garelarik".
Hausnarketa guzti hauek Haur Hezkuntzan aldaketa esanguratsuak egitera eraman dituzte ikastetxeko ordezkariak. Gaur egun Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan, 300 ikasle inguru dabiltza eta aldaketak 65 ingururi eragin die. Lau giro berri sortu dituzte ikastetxean: artea, eraikuntza, sinbolikoa eta ametsen mundua. "Giro hauek etengabe berriztatzen joango gara ikasleen beharren arabera eta bizitzen goazen esperientzia eta hausnarketen arabera. Bidea etengabeko berriztapena baita", esan du Lopezek.
Haur Hezkuntzan eman diren aldaketa hauekin, helburu hauek bete nahi dituzte Fleming Herri Eskolan:
- Ikaslea protagonista. Ikasleak berak eraikitzen du bere ikaskuntza prozesua, bere erritmoan, bere gaitasun, behar eta motibazioetan. Askatasuna eta malgutasuna du erabakiak hartzeko, bere iniziatibak aurrera eramateko eta bere nortasuna eraikitzen joateko.
- Adin nahasketa. Onurak ekartzen dizkie txikiei, handiak behatuz ikasi egiten dutelako, kuriositatea pizten zaielako… eta handientzat “metakognizioa” lantzen delako.
- Zirkulazio autonomoa. Erabakiak hartzeko gaitasuna, autonomia, kritikotasuna, norbera izateko eskubidea… garatzen dira.
- Irakaslea bidelaguna. Irakaslearen papera aldatzen da, “irakastetik” “bidelagun izatera” pasatzen da. Ikaslearen jarraipena egiten du, behar den unean esku hartuz, lagunduz, gidatuz,…baina ikasleari egiten eta izaten utziz.
- Hezitzaile taldea. Tutorea erreferentea bada ere, hezitzaile talde osoak egiten dute ikasle guztien jarraipena.
- Espazio/materialak hezitzaileak. Espazioak eta materialak oso pentsatuak, hausnartuak eta zainduak dira, hauek haurren hezitzaile baitira.
- Bizipena, manipulazioa, esperimentazioa. Manipulazioaren eta esperientziaren bidez haurrak bere ingurua aztertzen eta ezagutzen du.