Fleming Herri Eskolan, berdintasuna ehunduz!

Erabiltzailearen aurpegia Fleming 2018ko aza. 15a, 11:31

Azaroaren 25 emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna da eta horren harira, lanketa egiten ari gara Fleming Herri Ikastetxean.

Jakin badakigu hau ez dela egun bakar bateko lana, egunez egun landu eta ehundu beharrekoa baizik. Heziketa da, beste gai askotan bezala, gauzak aldatzeko dugun bidea, horregatik Villabonako udalak aurkezturiko “Berdintasuna ehunduz” egitasmoan parte hartzen ari gara Fleming-en.

Heziketa ezinbesteko bidea denez, eskolan ikasleekin gaia landu dugu, mataza horietako bakoitzaren esanahia zer den hitz eginez, hausnartuz eta josten dugun bitartean berdintasunaren sarea ehunduz.

3., 4., 5. eta 6. mailako ikasle bakoitza bere zatia ehuntzen ari da, ondoren zati guztiak elkartuko ditugularik, guztien artean gaiarekiko gure elkartasuna adieraziz. Josten dugunaren zati bat herrira jaitsiko dugu, udalean martxan jarririko “Berdintasuna ehunduz” proiektuan parte hartuz.

Proiektua martxan jarri aurretik ez genekien zein harrera izango zuen ikasleengan, eta benetan berezia izan da gertatu dena. Ikasleak erabat inplikatu dira ekintzarekin, ehuntzen ikasi dute eta gustu handia hartu diote. Baina haratago doa. Oso giro berezia sortu da. Haurrek orratzak motxilan sartu eta edozein unetan hasten dira ehuntzen, kalean, eskolan, etxean,…hortxe daude jo eta ke ehuntzen, bakoitzak nahi dituen koloreekin bere zatia gogotsu egiten. Gainera amonak ere etorri zaizkigu eskolara haurrei ehuntzen erakustera, nortzuk beraiek baino hobe? Amonen goxotasun eta jakinduria, a ze altxorra, belaunaldi berrietara traspasoa, neska zein mutilei, errespetuan eta berdintasunean.

Gaiaren garrantzia ikusita, ez genuke lanketa hau eskolan soilik geratzerik nahi. Zenbat eta jende gehiagok parte hartu, orduan eta indar gehiago izango baitu gure adierazpen ahotsak. Horregatik, familia eta herritarrak gonbidatu nahi ditugu ere parte hartzera. Bai beraien seme-alabei beraien zatia ehuntzen lagunduz, baita zati berriak josiz ere. Aitak, amak, aitonak, amonak, izebak, osabak, lagunak, bizilagunak,…zenbat eta gehiagok parte hartu, orduan eta tela zati luzeagoz josiko dugu herria!

Berdintasunean hazi eta hezi nahi dugulako, berdintasunean bizi nahi dugulako!

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!