Euskaraz ON! guraso ekimena abian jarriko dugu

Erabiltzailearen aurpegia Fleming 2017ko aza. 27a, 15:52

Abenduaren 3an, Euskararen Eguna dela eta jarriko da martxan ekimena, Fleming ikastetxeko zuzendaritza eta Flemingoak guraso elkartearen eskutik.

Amasa-Villabonan euskararen egoerarekin kezkatuta gaude, %36k egiten duela euskaraz diote azken ikerketek eta gutxi iruditu zaigunez erabilerak, gurasoen eta haurren artean gora egiteko helburuarekin astebetez, euskaraz bakarrik jarduteko konpromisoa hartu dugu gurasoek. Gurasoen artean eta gurasoak haurrekin egon ohi diren eremuetan (jolas parkeak, frontoia, kalea…) euskara gehiago erabiltzea da gure helburu nagusia. Eta bide batez, seme-alabentzako eredu izatea.

Erronka horretan parte hartu nahi duten gurasoei arropan jartzeko txapak doan banatuko zaizkie; txapa berdea izango da, eta soinean eramatea astebetez euskaraz hitz egiteko konpromisoa hartu dutela esan nahi du.

Hala ere, euskaraz ez dakitenak ere animatu nahi ditugu txapa eramatera. Horrela, euskaraz ulertzen dutela, edo berari euskaraz egitea nahi dutela, nahiz eta agian erdaraz erantzun esan nahiko du. Hau da, 'zuk niri euskaraz egitea nahi dut'.

Txapak jasotzeko aukera izango da, azaroak 28an eta 29an, arratsaldeko 16:15etik 17:30era, Arroako eskolan eta kiroldegian (autobus geltokian).

Ekimenari hasiera emateko argazki bat aterako da, guraso, irakasle eta ikasleen artekoa. Horretarako, azaroak 28an arratsaldeko 17:30etan Mintzola atzean geratu gara.

Euskaraz hitz egiteko konpromiso egunak honakoak izango dira, azaroaren 29tik abenduaren 5era arte. Haurrei txapak, abenduaren 1ean eskolan burutuko diren jaietan banatuko zaizkie. Honetaz gain, egitaraua hau prestatu dugu eskoletan euskararen eguna ospatzeko;

 • Haur Hezkuntzan azaroak 29an irratsaio berezia gurasoekin eta abenduaren 1ean goizean gaztaina jatea eta arratsaldean, Euskal Jokuak.

 • Lehen Hezkuntzan: 09:00etatik 11:00etara eskola apaindu gabonetako apaingarriekin. 11:30- 12:30: Herri kirolak. 14:30- 16:15: Txisteak, irrintziak besti emanaldiak eta abesti emanaldiak.

Honekin batera, abenduaren 3an, Erreboteko plazan egingo den ekitaldiarekin bat egingo dugula adierazi nahi dugu; han gaudenok hasiera emango diogulako hurrengo urtean martxan jarriko den 11 egun euskaraz egitasmoari. Horregatik, abenduaren 3an, igandean, 11:30ean herriko plazan antolatu den adierazpenera, bertara, bai Fleming ikastetxeko irakasle eta bai gurasoak joango gara.

Kezkak batu gaitu eta ilusio handiarekin gabiltza lanean. Eskolan eta kalean euskara arnastu nahi dugulako!

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!