Literatura eta zinema kritika

Erabiltzailearen aurpegia Erniobea 2019ko urt. 19a, 13:59

Erniobea BHI institutuko ikasleek liburu eta filmen kritikak osatu dituzte, Erakutsiz ikasi atalean.

'Ezekiel'

ZUHAITZ DORRONSORO (2.DBH), BEÑAT BEOBIDE (2.DBH)

Ezekiel izeneko nerabe bat bere etxean bizi da, amarekin eta arrebarekin. Egun osoa lagunekin pasatzen du eta, hala ez bada, nesketan pentsatzen. Egun batean, Ezekiel eta bere lagunek apustu bat egiten dute, apustu arriskutsu bat. Liskarrak, momentu deserosoak, maitasuna, haserreak...Hitz batean esanda, nerabezaroa da liburuan aurkituko duguna.

Istorio entretenigarria da Ezekielena, eta intriga puntu bat ere atera dio Jasone Osoro idazleak. Gainera, gure adinean pil-pilean dauden gaiak jorratzen ditu, gazte hizkeran. Horrez gain, liburua kapitulu motzetan banatuta dago eta erraz irakurtzen da. Animatu eta zabaldu Ezekiel, bere abenturez gozatzeko.

Istorio honek lantzen dituen gaiak maitasuna, nerabezaroa, familia eredua, laguntasuna eta sexualitatea dira. Ezekiel aurkezten digu liburuak, bere amarekin eta arrebarekin bizi dena. Bere gelako neska bat du gustuko. Bere lagun kuadrillakoekin egiten duen apustuak bizitza nahasiko dio eta, horren ondorioz, hainbat arazotan sartuko da. Niri Ezekiel liburua asko gustatu zait, istorioa kontatzeko erabiltzen duen moduak erakarri nau, batez ere. Gainera, kapitulu bakoitzaren amaieran uzten den misteriotxoak gehiago irakurtzera bultzatzen zaitu. Egon zaitezte ziur, liburua hasten duenak bukatu ere egingo du. Benetan gomendatzen dizut!

'Aupa etxebeste!'

IRATI ALONSO ETA JULEN MATEOS, 2.DBH

Pelikula honetan familia bat agertzen da, familia gezurtia, aberatsen itxura eman nahi duena, gezur batean bizi dena. Diru guztia galtzen dute eta oporrak bertan behera uzten dituzte, beraz, etxean pasatuko dituzte, ezkutaturik. Patriziok, Maria Luisak, Iñakik eta aitonak oso modu xelebrean jarduten dute. Familia beldur da, jendeak dirurik gabe daudela deskubritzearen beldur. Itxurakeriaz, gezurraz eta lotsaz hitz egiten digu pelikulak.

Asier Altuna eta Telmo Esnalen film honetan gauza asko gertatzen dira. Familia oso xelebrea da, edozer gauza egiten dute bizilagunek beren gezurra ez deskubritzeko. Oso erritmo azkarrean dago kontatuta istorioa. Oso gomendagarria da, komediazko filmak gustuko dituzten ikusleentzat.

'Errementari'

BEÑAT BEOBIDE ETA OIER IRIARTE, 2.DBH

Istorio guztiak bezala, hezur-haragizko gizon batekin hasten da pelikula hau, deabrua beldurtzeko modukoa: errementari bat! Egun batean, diputazioko komisarioa etorriko da herrira, errementariarengana. Uxue, herriko neska bat, bahituta omen dauka, deabruarekin batera. Egia izango al da? Zer pasatuko ote da?

Film hau oso ona da , izan ere, haur ipuin bat pelikula interesgarri bihurtzeko trebetasun handia izan du egileak. Gertakari oso interesgarriak ditu; gelditzen baduzu, jakin-minarekin geratuko zara. Batzuetan beldurgarria da, besteetan barregarria. Adin guztietarako gomendagarria. Ikustera gonbidatzen zaituztegu!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!