Erakutsiz ikasi

Zuatzara txangoa

Erabiltzailearen aurpegia Erniobea 2018ko eka. 11a, 08:30

Ikasturtea amaitzear dago eta datorkiguna ikusita, oilo ipurdia jartzen zaigu. Azterketak, lanen aurkezpenak… Gure inguruan egunero entzuten diren hitzak dira, geure buruak mailukatuz. 

Denok urduri gabiltza, kurtsoa gainditu ala ez dugu jokoan eta hori guretzat erantzukizun handia da. Baina, egoera honetan ezin dugu ahaztu maiatzaren azken aurreko astean egin genuen txango zoragarria, DBH 2ko ikasleak Zuatzara. Bi egun igaro genituen, gaua bertan pasatuz eta benetan aukera ezin hobea izan zen ikasleon azken egun gogor hauetatik deskonektatzeko. Zuatza aterpetxeak ekaini zizkigun ur aktibitateez ederki gozatu genuen.

Gehienek jakingo duzuenez, aterpetxe hau Uribarri Ganboako urtegian, 500.000 m2-ko uharte batean dago, Gasteiztik 15 kilometrora. Leku hau ezin hobea da ingurune natural batez gozatu nahi duten taldeentzat benetako kanpaleku batean bezala. 10 zelaitan banatzen da, 12na plazako egurrezko bost etxolak eta jarduerak egiteko estalpeko etxola-lantegi batek osatuak.

Aterpetxeak jangela komuna dauka; bainu eta dutxarako hiru zona komun; kirol instalazioak, hala nola, bainurako eremuak gabarra eta guzti; pilotaleku estalia; rokodromoa; pista amerikarra; eta WIFI eremua, azkeneko hau guretzat ezinbestekoa!

Mugikorrak ez eramatea aholkatu ziguten ikastetxetik, baina guri hori eskatzea ere!

Nola geratuko ginateke gure argazkiak instagramera igo gabe! Nola egongo ginen etxola batetik bestera komunikatu gabe? Hori guretzat ezinezkoa da, heldu askok ulertzen ez baduzue ere.

Txangoarekin jarraituz, egun osoa uretan sartuta igaro genuen ur aktibitateak praktikatzen, hala nola, arraunketa, piragua, pedaloia, windsurf, optimist… Denetatik hiru aukeratzeko genituen bi egun horietarako.

Primeran pasa genuen, benetan gozatu genuen, gure arteko harremanak kasu batzuetan gehiago sendotu ziren… Benetan esperientzia zoragarria izan zen!

Baina gauza on guztiak bukatzen dira eta ostiralean, berriro Villabonan geunden, hurrengo aste beltza aurrean geundela: azterketak.

Orain buru belarri ari gara ikasten. Noiz bukatuko ote da «infernu» hau? Ikasturtearen azken txanpa dela esaten digute bai irakasleek bai gurasoek, baina benetan gogorra da. Egia da bukatzean, uda zain edukiko dugula nahi duguna egiteko. Beraz, tristuran murgildu beharrean, dei egin diezaiokegu udari: Iritsi zaitez lehenbailehen!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!