Zer gertatzen zaio? Hobe dut isilaraztea, bestela nire onetatik aterako nau! Isildu dut, baina bost minututan ohean geratuko naiz.
Noski! Bat-batean, etorri zait burura! iratzargailua builaka hasten da eskolara edo lanera joan behar denean. Beraz, gure asteburu luze eta zoragarri hau bukatu da! Ohean egondako bost minutu horietan eta eskolarako prestatzen ari naizenean, asteburuaren oroitzapen politenez gogoratzen hasi naiz, irribarrea atera zait, irribarre bihurria, izan ere inauterietan igarotako uneak, ezin hobeak izan dira!
Denok gaude pozik, batez ere, gazteok eta nire adinekoak oraindik gehiago, lehen aldiz gurasoak bizkartzain ez ditugu izan eta. Lehen aldiz ibili gara libre, aske, egunez behintzat. Gaueko inauteriak bakar batzuek dastatu dituzte, baina gehienok konforme gaude bizi izan dugunarekin.
Gazteok urte osoa egoten gara inauteriez pentsatzen, baina zehazki azkeneko bi hilabeteak dira okerrenak. Desiratzen zaude, lagunak ikusi, berriak egin eta betikoekin gozatu. Hilabete bat lehenago, hor hasten gara, hotza egingo ote duen, euria… inoiz ez dakigu, baina badaezpada ere berotuko gaituen mozorro baten bila ibiltzen gara. Taldekoak ados jartzea izaten da bigarren lana: batzuek era batera joan nahi izaten dute, besteek beste erara. Makila lan izaten dugu ados jartzeko, baina denbora aurrera joan ahala, erabakitzeko unea iristen da eta gustuko edo ez gustuko izan, denontzat mozorro berdina erosten dugu. Gero datoz zezenetako txartelak nork hartu. Eginkizun horretan gurasoak ere sartzen ditugu, eta lortzea zaila izan arren, egiten digute mesede hori: Internetez, bila joanez… ahal duten modura, baina lortzen dute.
Iristen da guretzat egun handia, Ostegun Gizena. Lagunak Tolosara goaz lehenengo aldiz, bakarrik! Eskerrak egun osoa jarraian egiten dugula, eta institututik atera ahala, gure «buzoa» eta «bokata» hartuta, Tolosarantz abiatzen gara. Zein arratsalde! Zezenak, txarangak, jolas-parkea: auto-kotxeak, bestelako atrakzioak… Bertan elkartzen gara eskolakoak, beste ikastetxekoak, futboletik, eskubaloitik… ezagutzen dugun jendea eta primeran pasatzen dugu elkarrekin. Leher eginda, baina pozik eta «harro» puntu horrekin iristen gara etxera: 14 urte ditugu, baina ez gara umeak. Gainera, hurrengo egunean nahi adina lo egin dezakegu! Igandean berriro goaz karrozak ikustera, zezenetara… Hor ibiltzen gara :kalean gora kalean behera txarangaren atzetik. Astelehena eta asteartean berdin. Benetan eskolarik ez dago baina nekatu, leher eginda bukatzen dugu.
Baina iritsi da eguna, egunerokotasunera bueltatzeko momentua iritsi zaigu, liburuetara itzultzeko garaia. Ze nolako tristura!
Gaur asteazkena, deskantsatzeko eguna izan beharko luke, daukagun ajearekin ea nor den gai mateko, gizarteko.., eta gainontzeko ikasgaien azalpenak entzuteko! Eta ikasgaiez ari naizela, eginda edukiko al ditut egun hauetarako bidali zizkiguten lanak? Baietz uste dut, baina nola liteke jai egunetan ere etxeko lanak bidaltzea?
Kexatu ala ez, beti bidaltzen dizkigute, errepasatzeko omen dira, baina gogo txarrez egiten digu eta asko joango dira egin gabe eta segun eta nola harrapatzen dugun irakaslea haserrea ziurtatuta dago.
Beno, ez naiz hain ezkor jarriko! Igaro ditudan egunak ez dira makalak izan! Primerakoak!
Ama deika ari zait, gosaltzeko, liburuak prestatzeko, autobusaren ordua dela… Hasi gara betiko leloarekin! Egunerokotasunera iritsi garela, goiz goizetik nabaritzen da. Prest nago, autobuseko paradan lagunak daude, aurpegi ilunak dituzte, baina elkarri begiratuz irribarretxoa ateratzen zaigu. Zein egun onak igaro ditugun elkarrekin!
Autobusera igo. Bidaia ez da oso luzea, baina denak erdi lotan goaz. Inork ez du hitz egiteko gogorik. Institutura iritsi, patioan elkartu eta goizeko txirrin madarikatu horrek bat-batean esnatzen gaitu. Sartzeko ordua da. Eskerrak gaur asteazkena dela, egun jarraian, beraz, arratsaldea behintzat libre dugu.
Gure gelara igotzen gara, eseri eta badator irakaslea. Ez da hasiko gaiarekin! Ba, bai. Egunon esan, jaiak zer moduz pasa ditugun galdetu eta badoa harira, azalpenak ematera. Begirada bat botatzen dut nire ingurura. Zer nolako aurpegiak! Ez al da konturatuko irakaslea erdi lotan gaudela? Baietz uste dut, baina hasi da hitz egiten eta gu entzuten, edo entzuten dugun itxura egiten. Betiko leloa! Horrela izango da gure bizitza Aste Santuko oporrak arte. Aurten Martxoan omen dira, hurrengo hilabetean, baina ordurarte hilabete aldapatsua datorkigu, 2.ebaluazioko azterketak barne.
Bukatzeko ordua iritsi da. Inauteriei agur esan beharko diet, hurrengo urte arte eta egunerokotasunari kaixo, berarekin bizi beharko baitut hurrengo egun, aste… Aste Santuko jaiak arte.
DBH2-ko IKASLEAK
PRENTSA TAILERRA