[GUTUNA] Urriko zirtakak bizirik dirau!

Erabiltzailearen aurpegia Tolosaldea Ernai 2017ko aza. 7a, 11:46

21:39ak dira, gaua da eta elurra hari du. Elur maluten artean itzalak nabaritzen dira. Pavel nerbioak jota dago, alde batera eta bestera begiratzen du lasaitasun bila. Bere alboan Yuri aurkitzen da, ordu batzuk lehenago ezagutu duen kidea. Yuri gaztea da, 21 urte ditu, berak baino 2 gehiago, baina 3 urte daramatza soldadu. Inguruan sumatzen dituen itzalen artean, Pavelek badaki bere lantegiko lagunak daudela, denak auzo berekoak, denak bera bezala, gazteak, eta horrek lasaitzen du. 

21:40ak dira, bummm! kainoi bat entzun da. Aurora izan da aipatzen du bere atzean dagoen itzal batek, abisua da beraz, beste batek. 21:40ak dira, bandera gorriak eta fusilak eskutan Pavel bezalako milaka guardia gorriek, Neguko Jauregia hartzeari ekin diote. 1917Ko Azaroak 7a da eta mundua aldatuko duen iraultza hasia da.

Duela mende bat, Errusiako herri xumea bakea, askatasuna eta zapalkuntza kapitalistaren amaiera eskuratzeko altxa zen. Duela 100 urte, Errusiako langile, nekazari eta soldaduek, kapitalismoak alternatiba baduela erakutsi ziguten. SOZIALISMOA!!!

Pavel eta bere lagunek 1917an Neguko jauregia hartu zutenetik, munduan eta urteetan zehar barreiatutako prozesuetan Kapitalismoari alternatiba bilatzen saiatu diren gazteak, kontaezinak dira. Adibide asko ditugu: IRAko kide zen Bobby Sandsek, 27 urte zituen gose greba baten ondorioz espetxean hil zenean, Che Sierra Maestrara iritsi zenean baino bat gutxiago edota Alba FMLNko mediku zela hil zutenean baino 3 gehiago. Baditugu beste adibide batzuk ere: 24 urterekin hil zuten Txabi Etxebarrieta, 20 urterekin hil zen Olaia Kastresana edota euskal askapen prozesura azken 50 urteetan batu diren milaka gazteak... Adibide hauekin bi elementu azpimarratu nahi ditugu:

Lehena, prozesu iraultzaile oro bere garaiko eta tokiko baldintzetara egokitu behar dela. Iraultza mota jakin baten edota bestearen idealizazio eta mitifikazio hutsalean erori gabe. Duela 100 urte Errusian burututako altxamenduari, duela 50 urte kontinente guztietan garatzen ari zen borroka gerrillariak eman zion segida.

Egun, Latino Amerikan eta Katalunian ikusten ari garen moduan, prozesu iraultzeek, gehiengo sozialen artikulazioan eta konfrontazio demokratikoan oinarritutako “iraultza demokratikoen” forma hartzen dute. Iraultza garatzeko moduak, ezberdinak dira, tokian tokiko testuingurura egokituak, baina helburu berbera dutenak: Zapalkuntza kapitalista, inperialista eta patriarkalari amaiera eman eta feminismoan oinarrituko den alternatiba erreal bat eraikitzea.

Bigarrena, gazteok garela edozein prozesu iraultzailetan motorra. Ez da egon eta ez da egongo gazteok protagonistak ez garen inongo iraultzarik. Gaztetasunaren oinarri diren errebeldia eta inkonformismoa baitira edozein prozesuren elikagai. Hau horrela izan zen, bai duela 100 urte Errusian, bai duela 50 urte Latino Amerikan, Asian, Afrikan eta Europan. Baita egun, Kataluniako, Venezuelako, Euskal Herriko, Eskoziako... herri eta auzo batzordetan, herri harresietan edota edozein motatako grebetan.

21:39ak dira, oraindik ez du guztiz ilundu. Miren urduri dago. Bozka eskolak 20:00etan itxi dira, baina bera dagoen eskolan bozkak kontatzeaz amaitu berri dute. Parte hartzea izugarria izan da. Eskola horretan, baietzak irabazi du, baina zer gertatuko da gainontzekoetan? Hautets eskolan dauden gainontzeko kideekin, zerkausian dagoen kontaketa gunera abiatzen da. Ezin egona nabari da guztien aurpegietan.

22:01ak dira, Miren eta bere lagunak zerkausira iristear daudela, bummm!!! entzuten da. Zer izango ote da? galdetzen dio bere buruari. Bummm!!! entzuten da berriz. Soinua, kontaketa gunetik dator, Itxaferoak dira. Baietzak irabazi du, errepublika berri baten jaiotza da.

22:01ak dira, herrian txarangak entzuten dira. Miren saltsan hasi zeneko garaiaz oroitzen da, buruan iltzatua du bere lehen manifestazioa. Kataluniaren alde gazte antolakundeak deituriko manifestazioa zen. Manifestazio hura, 2017Ko Irailaren 28a izan zen eta 15 urte zituen.

22:01ak dira, 2026. urtean gaude. Kostata izan bada ere, Euskal Errepublika jaio da. Baina Mirenek argi du, hau ez da ezeren amaiera, hasiera bazik. 2026a da eta Euskal Herri Sozialista eta Feministaren aldeko borrokak jarraitzen du. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!