Behe Nafarroa eta Zuberoa artean pasa ditut udako egun batzuk. Ederra izan da. Ederra izan da herritarrak euskaraz entzutea: Mauleko zerbitzariak, igerilekuko haurrak, familia edota lagunak, Larzabaleko eta Iratiko bordako familiak, Lekunberriko (han ere bada Lekunberri bat) artzaina… Baina aitortuko dut: gehiago izatea nahiko nukeen.
Oztibarreko eguna ezagutu dut, Jutsi herrian. Azoka. Askotariko animalia ugari. Bertako produktuen postuak, bertako artisauak, euskal dantzak, pilota. Eta baita Urtz taldearen kontzertua ere. Sentitu dut gurean ez duen prestigioa duela lehen sektoreak. Harrotasuna. Bertako produktuekiko errespetua. Aitortza. Landa eremu txukuna, zaindua. Haur, gazte, heldu eta adineko guztiak elkarrekin egun polit bat ospatzen. Eskualde bildua.
Badute Oztibarreko ikastola ere, eta kamisetak erosi genituen: Arkatzak xorroxtu. Behar dute laguntza Ipar Euskal Herriko ikastolek! Bertako belaunaldi berriak euskaldun izan daitezen. Euskaraz ikas dezaten. Zailtasunak zailtasun, aurrera egiteko lanean ari dira.
Entzun nuen euskara, baina, pena, (han eta hemen), dakiten askok ez dutela erabiltzen. Lehen hitza frantsesez egiten dutela. Nonbait, kosta egiten da euskaraz hizketan hastea! Bada (han eta hemen) euskaldunon sentsibilizazioan eta kontzientziazioan zer landua.
«Ezin du ulertu, gurea bezalako herri euskaldunetan, nolatan euskaldunok ez dugun bizitza guztia euskaraz egiten»
Alboan dut Nafarroako Erriberan jaio eta euskaraz ikasi ahal izateko herri batetik bestera kilometroak egin dituen laguna ere. Euskal militantea. Oraindik ere ergatiboarekin borroka egiten duen euskalduna. Ezin du ulertu gurea bezalako herri euskaldunetan, nolatan euskaldunok ez dugun bizitza guztia euskaraz egiten. Ergatiboa ia zer den ez dakigun euskaldunok, alegia.
Fermin Muguruzak ere aspaldi abestu eta eskatu zuen: Aizkorak zorroztu! Lurralde honetan, herria dela gorputza, eta hizkuntza bihotza. Esan zigun euskaldun berria zela, begirune osoa eskatuz: «Hitz egidazu euskaraz, euskalduna bazara hitz egidazu euskaraz. Aizkorak zorroztu!».
Ezin bukatu Atariari eskerrak eman gabe. Eskerrik asko nire burutazioak plazaratzeko aukera emateagatik, eta eskerrik asko zuri, irakurle, leitzeagatik. Paperean edota Internet bidez, baina babestu ezazu zuk ere Ataria! Euskaldunok behar ditugu euskaraz ari diren komunikabideak. Udako oporrak ia ahaztuta, ikasturte berria hasia dugu. Guztioi dagokigu arkatzak eta aizkorak zorrozteaz gain, mingain, belarri, begirada, esku eta hankak ondo xorroxtea!
Guk marraztu behar dugu Euskal Herriaren etorkizuna! Gure lana da. Kalean egingo dugu topo. Zaindu!