Urtebete baino gutxiago falta da udal hauteskundeetarako, eta horrek nik badakit zer esan nahi duen. Burukomin galanta herrietan. Izen festa. Harri azpietatik ere jendea atera nahia edo beharra. Kafe bat hartzeko hitzorduak. Proposamenak. Pentsatu beharrak. Eta kalabaza asko. Ezetzak.
«Urtebete baino gutxiago falta da udal hauteskundeetarako, eta horrek nik badakit zer esan nahi duen. Burukomin galanta herrietan. Izen festa. Harri azpietatik ere jendea atera nahia edo beharra»
Udalgintza. Herrigintza. Herrietako hauteskunde zerrendak osatzea ez da gauerdiko ahuntzaren eztula. Ez horixe. Eta horretan aritu ez denak ez daki zer den hori! Niri agintaldi batzuk egokitu zaizkit. Alkate izatera animatuko denik bada, gaitzerdi. Kanpaina hasia da. Honezkero gure herrietan gaia mahai gainean dago, izan alderdi bat edo bestea.
Oso erraza da terrazan jarri, garagardo bat eskuan hartu eta kritika egitea. Alkateak ez duela ezer egiten esatea, zinegotziak alferrik daudela eta hango zuloa eta besteko eskaera. Egin direnak eta ez direnak larrutzea. Eta bla bla bla.
Probatu ez duenak ez daki. Herritar guztiok pasatu beharko genuke udal ordezkari izatetik. Eta beste begi batzuekin ikusiko genuke egoera. Zein den benetako errealitatea. Nola funtzionatzen duen administrazioak. Bai, poliki. Gehienetan, oso poliki. Nahi den guztia ezin dela egin, edo guk nahiko genukeen moduan ezin direla beti gauzak aurrera eraman. Legeak. Lau urteak, motz.
Dirua falta dela, ezustekoak datozela… Erabaki batzuk patxadaz, besteak azkar. Laguntzak badoaz. Eta hein batean lau urte azkar pasatzen dira, eta era berean luze egin daitezke. Dena ez da hirigintza. Asfaltoa. Gauza txikiak ere badira udala. Gauza asko egin eta bideratzen da udaletatik. Eta eskualde bat ere marrazten da. Baita gehienean alboratzen diren kultura eta euskara ere.
Abestiak berak dio: «Euskal Herri euskaldun bat zazpiak batuta, lortuko degu baina danok alkartuta».
Hori urteetako ametsa da. Eta Euskal Herria euskaldun izatea ere bai. Luzerako joko luke. Baina ea gai garen Tolosaldea euskaldun mantentzeko. Gure ordezkariak euskaldunak izateko. Gure herrietako zerrendak euskal hiztunekin osatzeko. Garrantzitsua da, edo nahitaezkoa beharko luke izan. Eta herrietan herriko herritarrak izateak ere badu berea. Herritarrak baino hobeto inork ez du ezagutzen herria. Beraz, hasi zerrendak osatzen!
Herriagatik gauzak egiteak badu bere… nola esan, betetzen du bat. Ikaskuntza da. Zin dagizuet. Nahiz eta etsaiak ere egin ditzakezun. Momentu txarrak bizitu. Baina saiatu eta probatu! Esan baietz alkate/zinegotzi pakete izateari!