Dagoeneko baditut urte batzuk. Ni jaio nintzenean, nire herrian, idazkari español bat zegoen. Euskara gorroto eta euskaraz ideiarik ere ez zuen idazkari frankista. Zehazki, galiziarra.
Eskuz idazten ziren garai hartan jaiotza-agiriak, eta tipo hura, Jaime, ez zen gai izan nire izena egoki idazteko. «Seme-alabei izen horiek jartzea ere» esan zion aitari. Bada, Eneriz izan nintzen agiri ofizialetan urte luzez, adin-nagusitasunera iritsi eta izena egoki jartzeko erabakia hartu nuen arte. Horrek niri, behintzat, ez dit esaten Eneriz naizenik. Eta txikitatik argi izan dut: Eneritz idatzi dut.
Echarri ere euskal grafiaz idatzi behar izan nuen. Echarri ez da gaztelania. Ez dago ondo idatzia. Etxarri izan behar du. Euskaraz ez dugu ch-rik, eta hori ere aldatu nuen. Maiz abizenari tilde okerren bat jartzea falta izan zitzaion!
«Euskaldunon aurkako beste zapalkuntza bat izan da hau ere. Euskalduntasuna ukatzekoa. Euskararik ez dela adieraztekoa»
Euskaldunon aurkako beste zapalkuntza bat izan da hau ere. Euskalduntasuna ukatzekoa. Euskararik ez dela adieraztekoa. Eta euskaldun askok eta askok kosk egin diote amu horri. Jan egin dute, eta uste dute beraiek gaztelaniazko grafiaz idatzitako euskal abizenak dituztela. Barkatu, baina berriz diot, español grafiaz idatzi zituzten euskal izenak dira, eta puntu. Orain, guri dagokigu behar bezala idaztea. Behar den moduan idaztea. Ez hartu gaizki. Baina horrela da. Gure arbasoetatik datozkigun abizenak ditugu, baina gure arbasoei abizenak aldatu zizkieten. Edo behin esaten hasita, euskal izenak jartzea ere debekatu zieten! Eta gure artean ditugu horietako asko! Baita abizena aldatutakoak ere!
Eta etorriko da bakarren bat esanez, bere abizena euskaraz, hau da, euskal grafiaz jarriz gero, beste abizen bat jartzea dela berarentzat. Bale, oso ondo. Segi horrela.
Tristeena da haur askok, beste behin, etxean ez dutela jaso euskalduntasun edota euskaldun garela azpimarratzeko zantzurik. Eta paper ofizialek dioten moduan idazten dituztela euskal abizenak, gaztelaniazko grafiarekin. Niri begiko eta tripako mina eragiten didate.
Oso erraza eta sinplea da, bai izenak eta baita abizenak ere euskal grafiara aldatzea. Noski, guri, euskaldunoi dagokigu. Ez dizkigute berez zuzenduko. Eta seme-alabak badituzu, zuk aldatzea nahikoa da. Berari automatikoki aldatuko zaio adin nagusikoa ez den bitartean behintzat.
Alferkeriak eta utzikeriak albo batera utzi, eta hau ere bada euskalduntasuna aldarrikatzeko modu bat. Seme-alabekin hitz egiteko aukera bat. Gure nortasuna. Euskara gara, bada izan gaitezen euskalduntasunaren zentzu zabalenean!