Merezitako oporrak, irakasleenak

Erabiltzailearen aurpegia Eneritz Maiz Etxarri 2026ko otsailaren 22a

Artxiboko irudian, BegoƱa Pedrosa Hezkuntza sailburua Orixe BHIko eraikin berriaren inaugurazioan. I.G.L.

Askok eskuak burura eramango dituzue. Ba bai, irakasleen defentsan nator. Uste dut egunerokoan bizitzea edota jasatea egokitzen zaienarekin, beharrezko dituztela oporrak. Eromena da. Zarata. Ia garbi nuen, baina hiru urte hauetan hainbat ikastetxetatik pasa ostean, garbi geratu zait: handitan ez dut irakasle izan nahi. Meritua dute egunero-egunero lan jarduna ume edo nerabe artean igarotzen duten irakasleek.

Eskualdeko ikastetxeetako errealitateak ezagutzeko aukera izan dut. LH, DBH eta Batxilergoko ikasleekin aritzea egokitzen zait euskara teknikari moduan. Bi orduko tailer bat egitea askotan ez da erraza. Eta ia ez da eskolarik libratzen. Txikienetatik hasi eta handienetara denek dute ipurdian zuloa. Guztiek dituzte behar bereziak dituzten ikasleak, nabarmen. Arreta hamar minutu baino gehiagoz mantentzea zaila da gaur egungo ikasleen artean, horrek suposatzen duenarekin. Zaila da klase oro isilik egoteko eskatzen aritzea, arreta jarri dezaten ahaleginean aritzea… nekagarria da. Eta hori eguna joan eta eguna etorri. Asteak joan eta asteak etorri.

Gure herrietako edozein eskoletako adibidea izan daiteke. Dozena bat ikasle. Horietatik hiru baino ez dira bi gurasoak euskaldunak dituztenak. Beste hiruk jaso dute euskara etxetik gaztelaniarekin batera. Badira behar bereziak diagnostikatuta dituzten bi ikasle. Gaztelania du ama hizkuntza horietako batek eta ez du besterik egiten. Ukrainatik etorri berri den ikasle bat ere bada tartean, ia ezer ulertu gabe. Arabiar jatorria duena, urdueraz mintzo dena eta beste askok gaztelania baino ez dakarte etxetik. Edota ikasturte erdian iristen diren hainbat eta hainbat ikasle. Nola eutsi ikasgelan euskarari? Nola egin aurrera klasearekin etengabe galdezka duzun ikaslea alboan izanda? Nola euskaldundu gure herrietako ikasleak? Baliabide falta nabaria da. Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak berak egon beharko luke egun batez honelako gela batean.

 

«Nola euskaldundu gure herrietako ikasleak? Baliabide falta nabaria da. Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak berak egon beharko luke egun batez honelako gela batean»

Irakasleen aurka hitz egiten da. Guztiak ezin dira multzo berean sartu, baina hori enpresa guztietako langileekin gertatzen da. Bestela, begiratu lankideen artera. Enpresarik onenean ere, alferrak, traketsak edo bost axola zaienak badira. Irakasle asko etsita sumatzen ditut. Ezin dutela ezer egin. Hezkuntza Sailak ez duela ikusten benetako errealitatea.

Eta zer esan errespetu faltazko jarrerez. Horiek ere jasan behar dituzte. Eta gurasoen aldetik ere… ai ama! Zer ari garen eraikitzen! Hezkuntza etxetik hasten delakoan nago. Oinarrizko baloreak etxean jaso behar dituzte. Pena da, baina ikasle askok eta askok etxetik dakarte motxila beteta, eta ez dut esan nahi liburuekin datozenik. Zenbat hutsune.

Meritua dutela azpimarratzen diet irakasleei. Eta irakasleentzako psikologoak, noizko? Merezitako oporrak!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!