Lotsarik ez?

Erabiltzailearen aurpegia Eneritz Maiz Etxarri 2025eko abenduaren 6a

Batera edo bestera joateko kilometroak egin ohi ditugu normalean autoz. Horietako asko haurtzaroan eta nerabezaroan gurasoekin eginak izan ohi dira. Eta nire txikitako kanten oroitzapenetara egin dut jauzi, eta nire memorian, aitaren kotxean, Anje Duhalde dago. Zenbat eta zenbat buelta eman ote zituzten kasete haiek. Ia letra guztiak ikasteraino. Batzuk zer esaten ari nintzen jakin gabe abesten nituen, beste asko, ordea, barruraino iritsi zaizkit. Maite dut Anje! Eta maite dut bere aldarrikapena: Euskal Herria eta euskara.

Nire memorian iltzatuta daude. Eta jada ume nintzela abesten zuen «euskaldunek euskara dute galduko». Hortxe erne zen nire euskararekiko maitasuna. «Ez dut nik sekula neure sorlekua hautatu, zorteak gaitu kokatu! Batzuek diote inongoak direla, berdin zaiela…» eta nik ezin lasaitu nire gogo eta bizitza.

Tristea igandeko Berria egunkarian hitz hauek irakurri behar izatea: «Gezurra badirudi ere, 45 urteren ondoren, AEK behartua dago oraindik ere Korrika bat egitera, 1980an zituen helburu berberekin: euskara lehen lerrora ekartzea; helduen euskalduntze-alfabetatzearen estrategikotasuna mahai gainean jartzea; eta bi urterik behin dirua biltzea, AEK-k bizirauteko eta helduen euskalduntze-alfabetatzean jardun ahal izateko. Eta hori lotsagarria da, 45 urteren ondoren helburu berberekin jarraitu behar izatea Korrika antolatzen».

Zertan ari gara? Zer lortu nahi dugu? Barkatu, baina Eusko Jaurlaritzak zer uste du? Politikari maiteok, lotsarik ez? Esaterako, AHTko lanetan zenbat milioika euro xahutu ote dituzten eta… (gaur-gaurkoz pertsona jakin batzuen poltsikoen onurarako baino ez).

«'Ez diat erranen zein bide hartu behar hukeen'. Diru hori guztia benetan euskararen aldeko neurrietan gastatu izan balute! Zabaldu, erakutsi, hauspotu, sentsibilizatu, ahaldundu...»

«Ez diat erranen zein bide hartu behar hukeen». Diru hori guztia benetan euskararen aldeko neurrietan gastatu izan balute! Zabaldu, erakutsi, hauspotu, sentsibilizatu, ahaldundu… «Naizena sentitu nahi dut, sentitzen dudana maite». Iparra eta hegoa batzen ditu, baina ez AHTak.

«Gure herriaren gisa minbizia duzu» abesten entzutean Iñaki Iurrebaso datorkit burura. Garbi adierazia du euskara minorizazio gorrian dugula. Minbizia duela gure hizkuntzak. Tratatu ezean badakigula zer datorkigun. Eta hala eta guztiz ere, epelkeriatan gabiltza euskaldunok. Hizkuntza politika aurrerakoiak eta ausartak falta zaizkigu. AHTa eraikitzen hastea erabaki zuten politikariak bezain ausartak. Non daude? Eta ziur nago AHTak eman dituen baino emaitza hobeak lortuko genituela epe laburragoan. Maita dezagula gutxiago eta goza dezagula gehiago.

Nafarroako bertsolari txapeldun berriaren, Xabat Illarregi leitzarraren hitzak ere ekarri nahi ditut lerro hauetara: «Baina herria eta hizkuntza / ez bihurtzeko bi bando / esna gaitezen eta mugitu / gure mingain, gure zango / Lo hartu ezkero lur honek ez du / hizkuntzarik eramango / ta hizkuntzarik ez duen herri / bat ez da herri izango». Ez dago hobeto esaterik.

Anje Duhaldek kantuz kantuz erein du bere hazia. Aspaldi abestu zuen garaipena dugu bihar! Baina lortzen ari garena… ez al da lotsatzekoa?

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!