Baina larritasun hori ez da ageri agintzen den lekuetan, diru publikoa maneiatzen duten bulegoetan. Diru publikoa industrian gastatzea, industriako enpresa handietara bideratzea normaltzat jotzen da, beharrezkoa, nahitaezkoa, baina gurean lehen sektorera dirua bideratzeak min egiten du nonbait. Orain artean egin diren politikek garbi erakutsi dute zer den beharrezko eta zer ez. Eta horrela doa Euskal Herria, egunerokoan beharrezkoa dugun jatekorik gabe.
Pelotilla asko ditugu. Gehiegi zoritxarrez. Eta zoritxarrez bakoitzak bere zilborrekoari asko begiratzen dio. Edota tristeagoa dena, bereari bakarrik begiratzen dio.
«'Pelotilla' asko ditugu. Gehiegi zoritxarrez. Eta zoritxarrez bakoitzak bere zilborrekoari asko begiratzen dio. Edo tristeagoa dena, bereari bakarrik begiratzen dio»
Palestinako sarraskia begi bistan izan dugu. Eternitatez luzatu da, luza arazi dute, dugu. Urrutikoak mugitzen gaitu, baina era berean kosta zaigu mugitzea. Genozidio eskandalagarria. Urrutiko intxaurrak ordea… eta norberaren poltsikoa!
Zoriontsu gara udan oporretan izan garelako, baina gero ez gara gai, esaterako, bertako askotariko produktuak kontsumitzeko. Garestiak omen. Herriko kaleetako dendetan erostea ez da errentagarria, eta merkataritza zentro handietan edo sareetan kontsumituko dugu. Zer da garestia? Finean, pijo batzuk eginda gaude. Sagarra duen mugikorra poltsikoan, baina merke-zurrean ekoitzitako barazkiak platerean. Milaka kilometrotara ekoitziak gainera, ingurumenaren izenean.
Nire bueltako belaunaldiek dena edo ia dena izan dugu sufritu gabe, eta belaunaldi gazte, nerabe eta haurrei horixe ari gara transmititzen. Pijo bizitzen. Dena izaten, kontsumistak izaten, utzikerian erortzen, kritikoak ez izaten. Baina zer-nolako herriak nahi ditugu? Ze Euskal Herri nahi dugu? Zein hizkuntzatan bizi nahi dugu? Zer-nolako lanpostuak nahi ditugu? Zer lur utzi nahi diegu ondorengoei? Nolako mundua ari gara eraikitzen? Pelotilla askoko galderak dira.
Gure aurrekoen aurreko belaunaldiak etorkinak izan ziren, gerra bizitzea tokatu zitzaien, eta martxa honetan, ondorengoen bilobak ere etorkin izan daitezke. Pentsatu dugu noizbait?
Teoriak eta egitasmoak martxan jartzea ondo dago, baina praktiketara igaro behar da. Ekintzetara. Egiten duguna gara, eta oso zentzu zabalean. Egiten duzuna gara. Eta esaldia idaztean, hedabide honek duela zazpi urte eginiko kanpaina etorri zait burura. Euskaratik eta euskaraz ere asko dugulako egiteko. Gehiegi. Esnatu ala hil (irakurri liburua).