Baserritarra berdin euskalduna berdin arlotea hiruko erregelak oraindik ere badu bere arrastoa. Ez du prestigiorik baserritar izateak, eta horri lotuta, ezta euskaldun izateak ere. Eta hau, berriz ere, hau da, euskararena indarra hartzen ari delakoan nago.
Nik ere aurpegi aldatzeak edo harridura aurpegiak bizitzen ditut baserrian jaioa naizela edo baserritarra naizela esatean (ados, ni izango naiz baserritar kalekumea, baina kalekumeok baino baserritarragoa naiz!). Askotan ez dut jakiten zer esan nahi didaten. Eta bai, baserritarra naiz. Nerabezarotik ni ere ahaldundu naiz.
Eta benetan galdetzen dut. Zein harreman dugu landa eremuarekin? Naturarekin? Gure herriarekin? Eta ez da nahikoa herri txiki batean bizitzea.
Gertuko batek, ia bere 40 urterekin kontatu berri dit, duela gutxi jakin duela oilo baten arrautzatik txita bat jaioko bada, oilo horrek oilar batekin egon behar duela. Bistakoa da, ez? Baina inoiz ez gara hasten edo ez gaituzte horretan pentsatzen jartzen. Ahaztua dago baserria.
«Euskara baserriarekin lotu izan da urteetan, eta hori ere bazen burlarako aitzakia. Eta egun ere ez dakit ez ote den horrela»
Euskara baserriarekin lotu izan da urteetan, eta hori ere bazen burlarako aitzakia. Eta egun ere ez dakit ez ote den horrela. Kalera jaisten ziren herritarrei burla egiten zitzaien maiz, eta baita eskoletan ere. Eta hori ekiditeko bide bakarra ezkutatzea eta gaztelaniaz hitz egitea zen. Ei, baina, kontuz, baserritarrak ez dira tontoak! Hori sinestarazi badigute ere! Beste zapalkuntza bat da, eta euskarari ere zuzenki lotua.
Poztu ninduen eskolako haur txikienek gure baserrira bisita egingo zutela jakiteak. Duela urte batzuk elkarrizketatu nuen baserritar batek esan zidan, umetatik erakutsi behar zaiela baserria zer den. Jirafak, tigreak, hipopotamoak, lehoiak eta dinosauroak ezagutzen dituzte, eta benetan haur askok ez dituzte gure herrietan dauden behi ezberdinak ezagutzen. Gertutik eta bertatik ikusi ditzakete, ardiak, ahuntzak, txerriak, oiloak, untxiak, astoak… gureak diren animaliak. Eta zenbatek ikusi ote dituzte edo izan ote dute gertuko harremana?
Herriko haurrek, etorkizuneko gure herrian, izena aipatuko ez dudan merkataritza-gunea eta aparkalekuak nahi dituztela adierazi dute. Harrituta edo pasata geratu nintzen! Jatekoa ez da merkataritza-guneetan sortzen, eta gora asfaltoa!
Herria da gorputza, eta euskara bihotza. Etorkizuna dugu jokoan, baina mesedez ez galdetu zer den lehenago, arrautza edo oiloa?