Aldiak aldi

Erabiltzailearen aurpegia Eneritz Maiz Etxarri

'Desagertuta' telesailaren fotograma bat. ATARIA

Aldi ezberdinak bizitzea dagokigu, eta beti dago lehen aldi bat. Askotarikoak dira aldi horiek. Eta aldi horiek ere aldeak dituzte. Lehen aldi batzuk gogoan izango ditugu eta beste batzuez ez gara oroitu ere egingo. Bizitza bera aldiz osatuta dagoela esango nuke.

Oporraldi eder bat pasa dezakegu edonon, baina opor aldira iristeko aurretik lanaldi bat egin behar izaten da normalean behintzat. Lan aldiak luzeak edo motzak izan daitezke. Kanpaldi batean ere buka dezakegu. Parte izan gaitezke kanpaldian edozeren alde edo kontra. Hau da, protestaldi bat; izan hezkuntzakoa, izan enpresakoa, izan osakidetzakoa… dena delakoa. Borrokaldi bat.

Agintaldiak ere bizitzen ditugu modu batera edo bestera. Kolore askotakoak. Batzuen aldiak laburrak dira eta beste batzuenak eternalak. Sinetsi edo ez, aita santu aldiak bizitzea ere egokituko zaigu.

Izan berri dugu itzalaldi bat ere. Luzeagoa edo motzagoa izan daiteke hori ere, eta horrela izan zen Euskal Herriaren luze zabalean. Eta nire uste apalean, gehiagotan izan beharko genituzke itzalaldiak, hankak lurrera jaitsi eta hausnartzeko. Konektatu gabeko aldiak izateko. Zeinen ahul garen sentitzeko. Lurtarrago izateko.

Nola ez. Izango bagara, nahitaez, haurdunaldiak ere bizitzekoak dira. Bizitza sortzeko aldiak. Beste aldean, gaixoaldiak ere baditu bizitza honek. Aldi onak eta txarrak. Baraualdiak ere egin ditzakegu.

Lehenaldia ere izan daiteke. Gauza asko dira lehenaldia. Eta azkenaldi bat ere bizi dezakegu edo gurekin ditugu azkenaldiak. Azkenak. Baina, orain, orainaldia da. Eta askotan orainean bizitzea ere kosta egiten zaigu, etorriko den, egingo dugun edo izango diren aldi horietan galtzen gara. Beti asteei eta hilabeteei aurrea hartu nahian. Bizi dezagun momentua.

Duela egun gutxi amaitu da pantailaldia ere. Euskarazko ikus-entzunezko edukien kontsumoa eta ekoizpena sustatzeko eta erakundeak mugiarazteko ariketa kolektiboa izan da. Pantailetan ere euskaraz bizitzea erronka. Hortxe koxka. Goenkale gehiago behar ditugu. Aldi luzea izan zen Goenkalerena! Edo Irabazi Arte gehiago. Lankideen artean, eta seme-alaben aitzakian (edo ez), Irabazi Arte telesailak harrapatutakoak badira. Baina horri ere iritsi zitzaion azken atala. Eta orain zer ikusi? Nerabeentzako ez ezik, helduentzako behar da euskal telesailen eskaintza. Aldien aldiak bata bestearen atzetik lotuko dituena.

«365 egunekoa da euskaraz bizi nahi izateko gogoa eta grina, baina batzuengan eragiteko edo eragingo bada euskarak ere behar ditu bere aldiak. Aska dezagun mingaina»

Eta egun hauetan, noski, beste aldi batean gaude. Euskaraldian. Azken hondarrean sartu gara. Ahoak bizi eta belarriak prest ditugu. Txapak soinean jartzeaz gain, eredu izan eta eragiteko aldia da, hizkuntza ohiturak aldatzekoa. Ea zer eman edo uzten duen aurtengoak. 365 egunekoa da euskaraz bizi nahi izateko gogoa eta grina, baina batzuengan eragiteko edo eragingo bada euskarak ere behar ditu bere aldiak. Aska dezagun mingaina.

Eta hitzez hitz etorkizuna berreraiki. Eta hitzez hitz dena aldatzen ikasi. Entzun, gure bihotzaren taupadak euskaraz dira! Tatarara Tatarara Tatarara Tatarara…

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!