Nik ere badut irribarrea eskaintzeko. Ni ere izan naiteke gozoa. Idatzi dezaket mundu zoragarriaz, zoriontasunaz, adiskidetasunaz, elkarlanaz... eta urte hasiera guztietan jendeak izaten omen dituen asmo berri eta on guztiez.
Baina zer nahi duzue esatea bakoitza bere zilborrari begira bizi den gizarte honetan? Bakoitzari ukitzen ez dion bitartean, besteenak gutxi axola digula. Eta hori gertatzen da maiz bizitzako esparru ezberdinetan. Beraz, badira mila motibo mikazteko. Eta baten batek esango dit, argitu ezan kopeta! Arrazoia, eta saiatzen naiz horretan. Kantatu nahi dut nik ere bizitza.
Hemen dira bai, eta inauteri zalea naiz. Dantzan jartzen naute txaranga doinuek. Gustuko dut mozorrotzea. Pixka bat tolosartzen naiz inauterietan. Ezagutzen nautenek ondo dakite, parrandari ez diot muzin egiten. Odolean daramat. Dagoeneko lehen sagardotegia zapaldu dut, eta ez da azkena izango. Joango naiz batera eta bestera euskal kultura kontsumitzera. Mendian hartuko dut arnasa, batzuetan estu eta besteetan sakon.
Nahiago nuke urte berriarekin euskaldunago bagina. Kontzientziatuagoak bageunde euskaldun guztiok. Ahaldunduagoak. Konplexuetatik urrunduak. Motibatuko bagenitu euskara ikasten ari direnak, eta ez direnak hasi animatu horretara. Kontsumituko bagenu euskal kultura; euskal musika, euskal literatura, euskal antzerkia, euskal komunikabideak, eta euskaraz sortua den hori guzti hori. Eta horrek duen garrantzia transmitituko bagenie inguruko guztiei, goxotasunetik, noski.
Paper zuriaren aurrean jarri, eta zer edo zer idatzi behar ordea. Barrutik ateratzen zait sua. Eta nire barne hausnarketetan bestelakoak datoz. Lo daudenak esnatzea nahi dut.
Paper zuriaren aurrean jarri, eta zer edo zer idatzi behar ordea. Barrutik ateratzen zait sua. Eta nire barne hausnarketetan bestelakoak datoz. Lo daudenak esnatzea nahi dut. Aktibatzea. Egoerak azaleratzea. Ikusaraztea. Hausnartzea. Noski, beti ere euskara erdigunean jarrita aritzen naiz. Hori baita gurea, nirea. Euskaraz eta euskaratik mugitzen, ukitzen, berotzen, sentitzen, ikusten,… ditudanak zerrendatzen ditut. Mikaztuak? Ez dakit. Ni gozozalea naiz, eta baten batek gozoren bat oparitu nahi badit, eskuzabalik eta irribarre batekin eskertuko diot.