Hondakin batzuk bide bazterretik harago iristen dira. Animaliak dauden edota animalien bazka izango diren belardietaraino. Axolagabe batzuengatik plastikoa eman behar diegu jaten animaliei ere? Inork jasotzen ez baditu, isil-isilik eta geldirik egoten dira, eta urteak pasa ditzakete bertan, kieto, kolorea galduz.
Zakur jabeekin ere barne borroka handiak ditut. Denetarikoak ikusten ditut. Eta bakoitzak bere astoari bakarrik egiten dio arre. Hau da, nola eramango duzu txakurra belardi batera kaka eta pixa egitera? Ez al dakite belardi horretako belarra behi, ardi, ahuntz edo animaliaren baten jatekoa izango dela? Zure platerean zakurrak pixa eta kaka egitea gustatuko al litzaizuke? Jango al zenuke? Bada, pentsatu zer egiten ari zaren. Eta zer esan ume, adineko edo herritarrek ibili behar duten kaleetan edo parkeetan egindako kakak jasotzen ez dituztenez? Arduragabekeria hori ezin dut ulertu. Eskubideak aldarrikatuko ditugu, baina sarritan betebeharrak ahaztu egiten zaizkigu. Zure zakurraren kakak jasotzea zuri dagokizu.
Zerri aska handi bat gara. Guztia botatzen dugu zerri askara. Eta benetan egiazko zerri aska txukunagoak ezagutzen ditut. Eta nik nire latari eutsiko diot. Gure hizkuntzarekin antzeko gabiltzala irudituta nago. Askok kontra egingo didazue, baina euskara bera ari gara botatzen zerri askara.
Duela urtebete bete genituen Bilboko kaleak. Oldarraldia. Gogoratzen? Baina egun bateko ekarpenak ez du askorako ematen. Egunerokoan erakutsi behar da, eta euskaltzaleak apal sumatzen ditut. Odol galdu samar. Agian, beharbada, kexatu, kexatuko gara, baina non kexatzen gara? Ez behar den lekuan. Kexak behar diren tokietan jarriko bagenitu, salatzekoak direnak salatuko bagenitu, agian, beste oilar batek egingo luke kukurruku. Eskualdean bertan Ertzaintza, Osakidetza, Udaltzaingoa, administrazioa… egunerokoan eragiten digutenak dira, eta ez gara asaldatzen, ezerk ez digu belarriko edo begiko minik egiten.
«Non daude euskaltzaleak? Bide bazterreko laten pare? Hobe genuke bide bazterrera aterako bagina eta geurea dena aldarrikatuko bagenu»
Egun gutxi barru iritsiko da Euskararen Eguna. Ospatu, ospatuko dugu. Eskualdean modu ezberdinetan aterako gara kalera, baina ospatzetik harago jo beharra daukagu. Non daude euskaltzaleak? Bide bazterreko laten pare? Hobe genuke bide bazterrera aterako bagina eta geurea dena aldarrikatuko bagenu.