Errespetuaren izenean…

Erabiltzailearen aurpegia Eneritz Maiz Etxarri 2024ko urr. 12a, 07:57

Hitz potoloa errespetua. Gizarte honetan gauza asko egin eta mugatzen dira errespetuaren izenean. Errespetuaren marrak ordea norberaren araberakoak izaten dira sarritan; batzuenak zorrotzagoak besteenak baino. Zer da errespetua?

Diosala ukatzea errespetu faltakoa litzatekeelakoan nago. Herri txiki batean denok edo ia denok agurtzen dugu edo genuen elkar. Ezagutu ala ez ezagutu. Ez da ezer kostatzen «egun on» bat edota «aupa» bat esatea. Baina mundu moderno honetan agurra ere bidean galtzen ari da. Hori nabarmena da mendira joanez gero. Mendiko orain arteko errespetuzko araua gurutzatzen duzun guztiari kasu egitea zen. Gaur egun, gurutzatzen dituzun erdiek ez dizute kasurik egiten.

Errespetu falta omen euskaraz bizi den herri batean, kuadrilla, lagun arte batean, euskaraz ez dakien norbait egon eta euskaraz aritzea. Kontxo!

Eta horrela gertatu da urte luzeetan. Nire herrian bertan bizi dira urte luzez euskara ikasteko beharrik sentitu ez duten herritarrak. Nire herrian, aldamenekoan, eta beste aldekoan eta hurrengoan. Euskaldunek gaztelaniaz egiten dieten bitartean, eta beraiek taldean jartzean denek gaztelaniaz hitz egiten duten bitartean, eroso daude. Zertarako ikasi orduan euskara?

Baina euskaldun asko ez daude eroso hizkuntza aldatu beharraz. Eta lotsarik gabe aitortuko dut ni naizela eroso sentitzen ez den horietakoa. Kosta egiten zait gaztelaniaz hitz egitea. Askok lotsa sentituko dute, baina nik noan lekura noala argi uzten dut euskalduna naizela, euskaraz egiten dudala nire «ia» bizitza osoa, eta lehen hitza euskaraz eginez nabil euskararen herritik. Zoritxarrez, jada ez da izango «ni bezalako» euskaldunik. Haurrek arnasgune batean jaioagatik gaztelania xurgatzen dute barneratzeraino.

Euskaraldia iritsi zen lehen urtean, gogo biziz hartua izan zen saiakera herritar askoren artetik. Gure herrian ere badira euskara ikasten ari direnak, euskaltegira joateko ahalegina egiten dutenak, gurekiko errespetuz eta herrian euskaldun bat gehiago sentitzeko irrikaz ari direnak. Baina jatorri atzerritarra duen horietako batek aitortu zidan ez zitzaiola gustatu. Zertarako jarri Belarriprest txapa paparrean, gero, denek gaztelaniaz egingo badiote? Zertarako egin euskara ikasteko ahalegina gaztelaniaduna bada?

 

«Euskaldunok gara geure buruari harrika ari garenak, antza, errespetuaren izenean. Guk ere mereziko dugu ba errespetatuak izatea?»

 

Etsipena eragin zidan bere ahotik hitz horiek entzuteak. Euskaldunok gara geure buruari harrika ari garenak, antza, errespetuaren izenean. Guk ere mereziko dugu ba errespetatuak izatea? Edo nola da kontua? Edo hasten dugu iraultza txikia edota ez da errespeturik izango. Zapalduko gaituzte gehiago! Behingoagatik konturatuko al gara euskaldunok? Eta euskaldunon hizkuntza eskubideak urratzea ez al da errespetu faltakoa? Zenbat eta zenbat errespetu falta jasan behar ditugu?

Garbi dago Itziar Ituño eta Iñaki Artola gehiago behar ditugula Euskal Herrian. Euskara hutsez, hau da, garbi utzi nahi dut euskaraz bakarrik hitz egingo duten erreferente gehiago behar ditugula. Politikarietatik hasita. Eta isildu egingo naiz errespetuaren izenean…

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!