Zer gara gu? Nor gara gu? Gaurko gazteek ba al dakite erantzuna ematen? Zerk egiten gaitu berezi? Globalizazioaren izenean, gero eta mundutarrago gara nonbait. Gero eta europarrago, edo behin esaten hasita, gero eta espainiarrago. Bai, espainiarrago. Esan dut.
Jada ez dakit kolore gorri-horiak ez duen begiko minik edo halako barne sentimendurik mugitzen. Natural sentitu eta bizi ditugu gure mugetatik aparte diren eta gure zapaltzaile diren horiek? Zein da gure identitatea? Euskaldun sentitzen al gara? Gaurko gazteek ba al dakite zer den euskaldun izatea?
Eskualdeko herri ezberdinetako haur eta gazte askoren hitzak eta iritziak entzuteko aukera eman dit ikasturteak, eta ezinegona sortu zait barnean. Inpotentzia. Kezka. Haserrea. Eta, ez naiz ari jatorri atzerritarra duten familietako seme-alabengatik. Zortzi abizenak euskaldun dituzten seme-alabez ari naiz, edo guraso biak euskaldun dituztenez. Horiek ez badira euskaldun sentitzen nor izango da euskaldun? Horiek ez badute euskal kulturarik ezagutzen? Ez badute euskal erreferenterik? Ez badute euskal musika kontsumitzen?
Badakit ezin dudala orokortu, badirela oso euskaldun eta euskal herritar sentitzen diren haurrak eta gazteak ere. Gure izatearen eta herriaren berri dutenak, eta horiengandik poza, ilusioa eta esperantza ere baditut barnean, baina beste askoren erantzunek harritu naute. Bai, herririk euskaldunenetan ere, eta etxetik euskara jaso dutenetan ere, belaunaldien arteko transmisioan eten argi bat sentitu dut. Non geratu da euskal identitatea?
«Bai, herririk euskaldunenetan ere, eta etxetik euskara jaso dutenetan ere, belaunaldien arteko transmisioan eten argi bat sentitu dut. Non geratu da euskal identitatea?»
Askok seme-alabak antza ez dituzte «politizatu» nahi, baina, mundu honetan, bai, munduan, dena da politika gustatu ala ez. Erabaki edo hautu guztiak dira politikoak. Eta Ruper Ordorikari moduan, niri ere kontuak ez zaizkit ateratzen ongi. Gure herria, gure hizkuntza, gure nortasuna maitatzen eta sentitzen irakasten ez badiegu, jai daukagu! Inork ez zigun esan euskaldun izatea zein nekeza den, baina denok munduko hiritar izatea hautatzen badugu? Nora goaz? Maite dugun hori zaintzea dagokigu. Gure historia jakin behar dute gazteek. Zer gertatu zen, eta nola iritsi garen honaino.
Lazkao Txikik jada duela urte asko esan zuen, eta hori jada errealitate da gurean: «Hemendikan urte batzuetara, danok erdaraz arituko gara euskaraz ari garelakoan».
Euskaraz bizi direla dioten arren, lagun artean hizketan hasi eta lau esalditik bi gaztelaniaz egiten dituzten gazteak topa daitezke orain arte hori pentsa ezina zen Tolosaldeko hainbat herritan. Eta horrek zer pentsatua eman dit. Nora goaz?