Non geratu da herri honetan hain beharrezkoa izan den auzolana? Zenbat gauza atera dira aurrera eta egin dira urteetan auzolanean? Baina, gaur egun, uste dut dirua tarteko ez bada gauzak zail direla egiten. Boluntario lana garestia da nonbait.
«Non geratu da herri honetan hain beharrezkoa izan den auzolana? Gaur egun, uste dut dirua tarteko ez bada gauzak zail direla egiten. Boluntario lana garestia da nonbait»
Gogoan dut, umea nintzela, amaren baserrian nola hiltzen zuten auzolanean txerria. Begietan dut irudia. Bai, gizon kuadrilla txerriari eusten. Eta behin txerria hil, odola jaso, azala garo artean erre, tripak atera… Sukaldeko mahai luzea bete gizon hamaiketako izeneko bazkaria egiten. Hori bai odolkiak egiteko emakumezkoak. Eta gero gu, umeak, egun batzuetara, berriz, txerriaren puskak (onenak), baserriz baserri eta etxez etxe banatzen. Bueltan, ordainetan laranjak amonarentzat. Hori zen legea, eta horixe auzolana. Hurrengo egun batean, nire aitona eta osabak joango ziren beste baserri batera txerria hiltzen laguntzera.
Auzolana ez da bakarrik bide bazterrak garbitzea. Herriko festak antolatzea bera da auzolana. Haur jolas batzuk egitea, lehiaketa bat antolatzea, festa egun bat, azoka bat, lasterketa bat…
Auzolana. Bazen militantzia hitza ere. Ez dakit ez ote den desagertu. Militantziaz herrigintzan, militantziaz euskalgintzan edo militantziaz beste hainbat gairen bueltan. Gure aurreko belaunaldiek zenbat lan eta zenbat borroka egin zuten eta duten gure belaunaldiak eta ondorengoek Euskal Herri hobe bat izan genezan. Eta gu? Zer ari gara egiten? Zer ari gara gure atzetik datozen belaunaldiekin egiten? Noan nirera. Euskara hiltzetik gertuago dago bizirik irautetik baino. Inor kezkatzen al du egoerak? Euskaldunok baino ahaldunduago daude gaztelaniadunak. Inor kexatzen al da euskaradunok jasaten ditugun erasoen aurrean? Ikastolak sortu zituzten debekatua zen garaian, eta orain, ikastolako ikasleek kuadrilletan gaztelaniaz hitz egiten dute. Euren seme-alabak ikastoletara eramaten dituzte. Baina inoiz jarri al dira seme-alabekin hizketan aitona-amonek egin zutenaz? Euskarak jasan duenaz? Eta jasaten ari denaz?
Baina buelta nadin hasierako lelora: Euskadi, auzolana. Denok dakizue norena den leloa, eta hor, zer dago auzolanetik? Inoiz aritu ote da bakarren bat auzolanean? Eta aldaketak aldaketa, betiko leloaren betiko leloa.