Hamalau urtez nire etxea izan den, eta nire etxeko atarian baino ia ordu gehiago pasa ditudan Atariatik iritsi zitzaidan proposamena. Pasa dira hilabete batzuk. Luzatu nuen erabakia hartzea, luzatu nuen erantzun bat ematea, eta luzatu dut baietza eman eta idazteko jaso nuen lehen eguna ere. Konfiantza izateak horretarako bidea ere eman dit. Baina urte luzez lankide izan duzunari nola esan ezetz? Zein aitzakia bilatu horretarako? Badakit bere tokian egotea zer den, eta ezetzak jasotzea. Nik, ezin ezetz esan. Itsusia izango zen. Buelta asko eman dizkiot gaiari. Baina txoko honetatik aprobetxatuko dut emakumeak ere iritzi emaile izatera animatzeko. Guk ere badugu zer kontatua eta zer esana, eta idaztea gustuko baduzu, jarri harremanetan Atariakoekin lotsak albo batera utzita. Zuri ere egingo dizute tokia.
Euskaratik eta euskaraz jarraitzen dut lanean. Urtebete pasea bada orri hauek beste aldetik irakurtzen ditudala, eta aitortu behar dut egun jakin batzuetan oraindik ere gogoratzen naizela Atariako motxilaz: boligrafoa, koadernoa, grabagailua, mikrofonoa eta argazki kamera.
Inauteriak, hauteskunde gauak, festak, pilotako txapelketak eta finalak pikeak eta porrak , elkarrizketatu ezberdinak, XIV. Orduak, larunbatak,… eta nola ez, Korrika. Biharko eguna ere gogoangarria izango da. Eta Atariak Korrika furgoneta barrutik ezagutzeko aukera ere eman zidan. Zenbat emozio!
Era guztietako emozioak dantzan jartzen dituen eguna izango dugu biharkoa. Korrika Tolosaldean sartuko da zehazki nire herritik. Badugu zer egin euskaragatik.
«Azkar batean pasatuko da. Gurutzatuko du eskualdea. Parte hartuko dugu, baina utzi itxurakeriak egiteari, eta garrantzitsuena, hitz egin dezagun euskaraz egunerokoan»
Atera gaitezen denok korri egin edo ez egin, bide bazterrera. Animatu ditzagun alboan ditugun bizilagunak horretara. Bizilagun berri asko ditugu Tolosaldean ere, eta azaldu ez dakienari zer den Korrika. Harro, zer den euskara. Azkar batean pasatuko da. Gurutzatuko du eskualdea. Parte hartuko dugu, baina utzi itxurakeriak egiteari, eta garrantzitsuena, hitz egin dezagun euskaraz egunerokoan.