Elhuyarren hiztegi orokor elebidunen webguneak (hiztegiak.elhuyar.eus) gero eta erabiltzaile gehiago ditu, eta gero eta kontsulta gehiagori erantzuten die. 2018an, 878.873 lagun sartu dira webgunean (2017an, 595.358), eta 4.665.125 kontsulta egin dituzte (2017an, 2.555.475) EU-ES/EU-FR/EU-EN hiztegietan.
Kontsulta horiek egiteko, ordenagailua erabiltzen dute gehienek (% 66), baina gero eta kontsulta gehiago egiten dira smartphone eta tabletetatik (2018an, % 34). Gailu mugikor horien erabiltzaileei bidea errazteko, berariazko aplikazio bat sortu genuen 2011n, Android eta iOs sistemetarako.
Harrezkero, aldian-aldian, berritu egin dugu gure hiztegien aplikazioa, bai edukietan, bai kontsulta-sisteman. Eta dagoeneko doan deskargatzeko prest dago azken bertsioa Play Storen eta App Storen.
Aplikazioan Elhuyarren euskara-gaztelania, euskara-frantsesa eta euskara-ingelesa hiztegiak kontsultatu daitezke, bi noranzkotan, online edo offline.
Kontsultak online egiten baditugu, Interneten une horretan dauden hiztegien azken bertsioetako datuak bistaratuko dizkigu aplikazioak. Interneterako konexiorik ez badugu, berriz, offlineko modua aktiba dezakegu, eta hiztegiak.elhuyar.eus-eko 2018ko abenduko datuetan egingo dugu kontsulta.
Dagoeneko, doan deskargatzeko moduan dago aplikazio berritua, GooglePlayn (Android mugikorretarako) eta AppStoren (iOS mugikorretarako).
Aplikazio berean, Elhuyarren hiru hiztegi elebidunak kontsultatu daitezke, eta erabiltzaileak noiznahi alda dezake kontsulta-hiztegia menu nagusian.
Aplikazio hau oso tresna erabilgarria da ikasle eta irakasleentzat, idazle nahiz itzultzaileentzat, kazetari, teknikari eta profesionalentzat, eta euskara erabiltzen duen edonorentzat.
Euskal hitzek gaztelaniaz, frantsesez edo ingelesez dituzten ordainak (eta alderantziz) kontsultatzeaz gain, hitzak nola ahoskatzen diren entzun dezakegu aplikazioan. Gainera, bilatutako hitzen historiala gordetzen du, eta gogoko ditugun hitzen zerrenda osatzeko aukera ematen digu.
Bertsio berrian, gainera, bilaketa-laukia ikusgai dago beti. Bata bestearen jarraian bilaketa bat baino gehiago egin behar baditugu, hitzak txandaka laukian idatzi besterik ez dugu egin behar.
Bestalde, hasierako pantailako «Elhuyar» logoaren azpian dagoen testuan klik eginda, hiztegiak buelta ematen du, eta kontsultaren hizkuntza-noranzkoa erraz-erraz alda dezakegu.
Instalatu aplikazioa mugikorrean, eta kontsultatu Elhuyar hiztegiak nonahi eta noiznahi.