Modela itzultzaile automatikoa, ahobizi eta belarriprestei laguntzeko

Erabiltzailearen aurpegia Elhuyar 2018ko abe. 12a, 12:26

Bultzada handia izango da modela.eus euskararen erabilera areagotzeko. Eta aukera berriak zabalduko ditu euskarazko hizkuntza-teknologietan.

ETB1-eko Mihiluze saioak famatu egin zituen “Zazpikiak”. Itzulpen okerren ondorioz sortutako euskarazko testu xelebreak ziren, itzultzaile automatikoak erabiltzearen ondorio asko eta asko.
Hamar urte baino gehiago dira Elhuyarrek eta EHUko Ixa Taldeak euskararako lehen itzultzaile automatikoa sortu zutela, Matxin, eta ikerketan ibili gara harrezkero.
2016tik, azken belaunaldiko hizkuntza-teknologiak euskarazko itzultzaile automatiko batean txertatzeko ikerketa-proiektu batean ibili gara Ametzagaiña, ISEA, Vicomtech, EHUko Ixa Taldea, MondragonLingua eta Elhuyar, eta hilaren 28an aurkeztu genuen azken emaitza: Modela.eus webgunea. Sare neuronaletan oinarritzen den teknologia adimenduna darabil orain arteko euskarazko itzultzaile automatikorik onenak. Orain arte hizkuntza nagusien arteko itzulpen-sistemetan erabili den teknika aurreratu hori euskarazko testuekin ere aplikatzeko modua aurkitu dugu.
Itzulpen automatikoan aurrerapen garrantzitsuak egiten ari dira munduan, baina erronka teknologiko handia da oraindik ere. Bide horretan, euskarak lortu du mundu eleaniztunean tokia egitea, eta jauzi kualitatibo handia ekarri du Modelak. Izan ere, orain arteko itzulpen automatikoko sistemetan, emaitzen kalitatea mugatzen zuten euskararen morfologia aberatsak eta bestelako ezaugarriek; aldiz, sare neuronaletan oinarritutako sistemetan, gainditu egin da muga hori, eta euskararen hizkuntza-teknologiak beste hizkuntzen pare jarri dira.
Tresna azkarra eta erabilerraza da, eta doan erabil daiteke hilean 2.000 hitzeko mugaraino. Hortik gora, ordainpeko zerbitzua kontrata daiteke. Euskaratik gaztelaniara nahiz gaztelaniatik euskarara itzultzeko balio du, eta kalitate handiko itzulpenak egiten ditu. Gainera, guztiz konfidentziala da. Beraz, tresna ezin hobea da euskararen erabilera areagotzeko.
Euskaraldia hasi zen eta amaituko da, baina euskarak baliabide iraunkorrak behar ditu aurrera egingo badu, #ahobizi eta #belarriprestei beren ahaleginean laguntzeko.
Belarriprest digitalek, euskarazko testuak ulertzeko arazoak badituzte, modela.eus erabil dezakete testu horiek gaztelaniara itzultzeko. Horrek esan nahi du erakundeen barruko komunikazioa euskara hutsezkoa izan dadin lagunduko duela sistemak.

Bultzada handia izango da modela.eus euskararen erabilera areagotzeko. Eta aukera berriak zabalduko ditu euskarazko hizkuntza-teknologietan. Oraingoz, web-aplikazio gisa gizarteratu dugu, baina teknologia honek askoz gehiago ere eman dezake. Itzultzaile automatiko hau mugarri bat da hizkuntza naturalaren prozesamenduan, eta bide berriak irekiko ditu euskarazko hizkuntza-teknologiak garatzeko eta aplikazio berriak sortzeko: mugikorretako aplikazioak, laguntzaile birtualak…
Dena den, ez dugu ahaztu behar Modela itzultzaile automatiko bat dela, hots, makina bidez egiten dela itzulpena, eta hanka sartzen duela batzuetan. Oso sistema ausarta da, eta ezagutzen ez dituen hitzak ere itzultzen ditu. Jakina, batzuetan asmatzen du eta beste batzuetan ez. Modelak proposatzen dituen itzulpenak, oso onak izan arren, argitaratzeko badira behintzat, ezinbestekoa da hezur-haragizko itzultzaile eskarmentudun batek egiaztatzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!