Horrelakoetarako, oso lagungarriak dira ordenagailuko zuzentzaileak, hala nola Xuxen.
Xuxen Elhuyar Fundazioaren eta Euskal Herriko Unibertsitateko Ixa taldearen artean garatutako euskarazko zuzentzaile ortografiko eta gramatikala da. Bi hamarkadatik gora joan da dagoeneko Xuxen sortu genuenetik. Hizkuntzalari eta informatika-ingeniariek elkarlanean sortutako sistema hark iraultza ekarri zuen ordenagailu bidez testuak euskaraz idazten ditugunontzat.
Hasierako Xuxen sortu genuenetik, haren hainbat bertsio sareratu ditugu (Microsoft Officerako, OpenOffice.org eta LibreOfficerako, web-nabigatzaileetarako, Adobe Indesign-erako...), eta, ortografia-akatsak hautemateaz gain, proposamen gramatikalak egiten ere irakatsi diogu Xuxeni.
Baina informatikan oso azkar gertatzen dira aldaketak, eta programa eta aplikazioak etengabe eguneratzen dira. Gure hizkuntzan ere gertatzen dira aldaketak: Euskaltzaindiak arau berriak egiten ditu, hitz berriak sortzen dira... Horiek denak kontuan hartuta, Xuxen ere eguneratzen dugu. Azken bertsioa 2018ko maiatzean kaleratu dugu, ingurune digitaletan idazteko erabiltzen diren tresna ezagunenen bertsiorik berrienetarako egokituz. Horrekin batera, Euskaltzaindiaren Hiztegiko eta Elhuyar Hiztegiko azken aldaketak txertatu ditugu euskarazko zuzentzailearen datu-basean, Xuxenek proposamen ortografiko, lexiko eta gramatikal egokienak egin ditzan.
Xuxenek, bere bertsio guztietan, gorriz azpimarratzen ditu gure akats ortografikoak: Eta horiek nola zuzendu proposatzen digu, adibidez, iharduera (‘i’ eta ‘h’z) idatziz gero, jarduera (‘j’z)idaztea gomendatuko digu.
Bestalde, berdez edo urdinez azpimarratzen ditu hitzak, zuzenak izan arren Euskaltzaindiak beste forma bat hobesten duen kasuetan, hala nola bordatu, fondo, nahastu, ainitz... Eta Euskaltzaindiak hitz horien ordez hobesten dituen ordainak proposatzen dizkigu.
Azkenik, Microsoft Word testu-prozesagailuan, zenbait akats gramatikal ere berdez edo urdinez azpimarratu eta zuzentzeko proposamena egiten du: gosea daukat, ikusiko gara...
Wordekoa da Xuxenen bertsiorik ezagunena, baina beste hainbat programarekin ere erabil dezakegu Xuxen berritua, bertsio guztiak eguneratu baititugu, eta doan deskargatzeko prest jarri (xuxen.eus/deskargatu):
Microsoft Office: Word, Excel, PowerPoint eta Outlook
LibreOffice, OpenOffice
Firefox, Chrome eta Internet Explorer web-nabigatzaileak
Adobe InDesign
Hunspell
Mezu elektronikoetan, Interneteko foroetan eta blogetan idaztean ere erabili ahal izango duzu Xuxen, Worden bezalaxe. Baita sare sozialetan ere, hala nola Twitterren eta Facebooken. Horretarako, zuk erabiltzen duzun web-nabigatzailerako bertsioa deskargatu besterik ez duzu egin behar (Firefox, Chrome edo Internet Explorer).
Gainera, Xuxenek badu bertsio libre bat ere, Hunspellen oinarritutakoa, eta erabiltzaileen esku dago, beste aplikazio batzuetan txertatzeko. Halaxe egin du, adibidez, Tokikomek; Adobe InDesign CS6rako euskarazko hitz-zatikatzailea eta Xuxenen bertsio berritua bateratu ditu. Informazio gehiago: tokikom.eus/xuxen.
Gure ordenagailuan instalatuta nahiz online erabil dezakegu Xuxen; izan ere, xuxen.euseko kutxan bertan sar dezakegu zuzendu beharreko testua, eta sistemari eskatu akatsak detektatzeko eta zuzenketak proposatzeko.
Xuxen ordenagailuan instalatu eta erabiltzea oso erraza da, eta doakoa da gainera. Beraz, ez dugu aitzakiarik euskaraz oker idazteko.
Xuxen.eus/deskargatu