Baina horiek denak modernizatu diren neurrian, webean beste formatu batzuk egotea ahalbidetu da, eta gaur egun askoz gehiago kontsumitzen da audio eta batez ere bideo formatuan dagoen edukia, bereziki belaunaldi gazteenen partetik.
Aldaketa handia gertatu da webean nabigatzeko moduan ere. Lehen, ordenagailuetan ibiltzen ginen webean. Finkoak edo eramangarriak, baina, edozein kasutan, geldi zeudela eta pantaila handiarekin. Gaur egun, berriz, gero eta gehiago nabigatzen dugu webean pantaila txiki samarretatik (tabletetatik edo smartphoneetatik) eta mugitzen ari garela (oinez edo autobusean goazela adibidez).
Beraz, bideoen popularizazioagatik, pantaila txikiengatik edo mugimenduagatik izan, gero eta ezohikoagoa da eta izango da webeko testuak irakurtzea. Aldiz, mugikor edo tabletetan oso ohituta gaude edukia (musika, podcast-ak...) entzungailuez entzuten. Ez al litzateke interesgarria testuzko webguneak irakurri beharrean entzun ahal izateko teknologia bat? Jakina! Erabiltzaileak aukera izango luke ordenagailu edo gailu mugikorrean edukia irakurriz joan ordez entzunez joateko, irratia entzunez joango balitz bezala; bitartean, beste zerbait egin ahal izango luke, eta denbora aurreztu.
Testuak hizketa bihurtzeko teknologiari ahots-sintesia deritzo (ingelesez, TTS edo Text-To-Speech). Euskal Herriko Unibertsitateko Aholab ikerketa-taldeak urteak daramatza euskararentzako (eta inguruko beste hizkuntzentzako) ahots-sintesian lanean, eta gaur egun, kalitate handiko eta natural itxurako ahotsak lortzen ditu. Eta Aholab-en ahots-sintesiko teknologia erabiliz, webguneak irakurri beharrean entzun ahal izateko teknologia garatu du Elhuyarreko Hizkuntza eta Teknologia sailak.
Teknologia hori webgune batean integratuz gero, bertako eduki batean gaudela (artikulu bat, erreportaje bat...), barra bat agertuko zaigu, eta han “play” itxurako botoi tipiko bat. Hura sakatuta, artikulua entzuten hasiko gara. Entzuketa esaldiz esaldi egiten da, eta entzuten ari garen esaldia markatuta agertzen da pantailan. Era berean, entzuketan nabigatu ahal izateko botoiak ere badaude (aurreko edo ondoko esaldira, aurreko edo ondoko paragrafora, edo nahi dugun tokira joateko). Gainera, bolumena zein abiadura alda ditzakegu, eta baita gizonezko-ahotsa edo emakume-ahotsa hautatu ere. Horrez gain, webgunea aldizkari-motakoa bada, aldizkariaren zenbaki bateko artikulu guztiak entzun ahal izango ditugu bata bestearen atzetik; hori oso interesgarria izan daiteke autoan gidatzen-edo bagoaz bidaia luze samar batean, irratia entzun beharrean aldizkari osoa entzun baitezakegu. Azkenik, elkarrizketetan, ahots batekin irakurtzen dizkigu galderak, eta beste batekin erantzunak. Eta hori guztia, HTML5 teknologia estandarra erabiliz egin da.
Testua euskaraz, gaztelaniaz zein ingelesez egon daiteke, eta bakoitzari dagokion ahoskera eta intonazio egokia aplikatuko dio. Eta dagokion bezala irakurtzen ditu hizkuntza bakoitzari dagozkion laburdurak, siglak, datak, orduak... Laburdura, sigla eta bestelako izen bereziak esateko modua webgunearen arabera pertsonalizatzen da gainera.
Teknologia honek aplikazio bat baino gehiago izan ditzake. Oraingoz, Elhuyar aldizkariaren webgunean, Zientzia.eus-en eta EITB.eus wenguneetan dago jarrita. Eta Elhuyar hiztegien webgunean hitzak nola ahoskatzen diren ere entzun dezakegu.
Ezgaitasunak dituzten pertsonentzat ere (ikusmen arazoak, dislexia... dituztenentzat) baliagarria denez, EHUko Ezgaitasunen Zerbitzuaren webgunean ere badago. Dislexia duten haurrei irakurketa-idazketan laguntzeko plugin batean ere txertatu genuen, eta Berritzegune Nagusiaren webgunean dago plugin hori, deskargatzeko moduan, ikastetxeetan Interneteko testuak nahiz Wordekoak eta PDFak entzuteko, besteak beste.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak badu mugikorreko aplikazio bat gidariei errepideen egoeraren berri unean-unean ematen diena, eta aplikazio horren azken bertsioak integratua du gure TTSa.
Azkenik, laster ikusiko du argia Wikispeech proiektuak, eta Wikipediako edukia irakurtzeaz gain entzun ere egin ahal izango dugu. Euskarazko TTSa proiektuaren hasieratik dago bide-orrian; beraz, martxan jartzen denean, hizkuntza nagusien audioekin batera eskainiko du Wikipediak euskarazko edukia entzuteko aukera ere.
Espero dezagun aukera interesgarri hau, teknologikoki aurreratua, gizarte inklusiboago baterantz eramango gaituena eta euskaraz ere baduguna, gero eta ingurune gehiagotan ikusiko dugula